Danobatek Hakoba bilgunearen adierazpenarekin bat egin du euskararen sustapenarekin duen atxikimendua berresteko

Barren.eus 2016ko abe. 7a, 20:05

Danobat enpresak, beste urte batez, Euskararen Nazioarteko egunarekin bat egin du eta hori erakusteko langileen arteko argazki bat atera du. Aldi berean, Hakobaosatzen duten erakundeek Euskararen Nazioarteko Egunerako elkarrekin adostu duten adierazpen instituzionalarekin bat egin du, era horretan euskararen sustapenarekin duen atxikimendua sendotuz.

Danobatek jakinarazi duenez, 365 egunetan euskararen erabilera bultzatzeko konpromisoa dutela adierazi nahi izan dute Euskararen Egunaren harira enpresako beharginek elkarrekin atera zuten argazkiarekin (goian). Hala, makina erremintaren sektoreko enpresa garrantzitsuenetarikoa denak euskararen sustapenean ere eredugarri izan nahi du. Asmo horretan, Hizkuntza politikako gaietarako Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordea (HAKOBA) osatzen duten erakundeek Euskararen Nazioarteko Egunerako elkarrekin adostu duten adierazpen instituzionalarekin bat egin duela esan du Danobatek.
Norberak euskararen alde zer egin dezakeen hausnartzeko galdera luzatu du Euskararen Eguneko adierazpen instituzionalak. Danobatetik azaldu dutenez, enpresako langileek euren leloarekin erantzun diote adierazpen horrek luzatzen duen galderari: "Zer egin dezaket nik euskararen alde? Euskara aldean, erabili lanean!!".