Elgoibarko Udalak Urrezko Bikain ziurtagiria jaso du

Barren.eus 2016ko abe. 3a, 14:28

Euskararen Kalitate Ziurtagiriak euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen du. Ziurtagiriak hiru maila ditu eta Elgoibarko Udalak goi mailakoa lortu du, Urrezko Bikain Ziurtagiria, alegia. Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da Bikain.

Bikain ebaluazioaren helburua da, arlo horretan adituak diren kanpo ebaluatzaile talde baten bidez, erakundea lau ardatzetan ebaluatzea. Talde ebaluatzaileak, 18 aldagai neurtu ditu lau ardatz nagusitan bilduta: komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo harremanak, barne harremanak eta hizkuntza kudeaketa.

Bikain sistemaren arabera 1000 puntu lor litezke gehienez ere, %100eko betetze-maila alegia. Hori horrela, hiru aitortza-maila edo ziurtagiri ezarri dira, kolore bana dutelarik:

  • Oinarrizko maila edo Bikain beltza: 200 puntu gutxienez
  • Tarteko maila edo Bikain zilarra: 400 puntu gutxienez
  • Goi maila edo Bikain urrea: 700 puntu gutxienez

Elgoibarko Udalak 800-849 puntu lortu ditu, beraz, ikur gorenena, Urrezko Bikain egiaztagiria eskuratu du.

Bosgarren udala

Bikain euskararen kalitate ziurtagiria 2007an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak eta, batik bat, enpresa arloko erakundeak, ikastetxeak, euskaltegiak eta elkarteak izan dira orain arte ebaluazio prozesua aurrera eraman eta ziurtagiria lortu dutenak. Udalei dagokionez, ordea, aurtengora arte, bost izan dira urrezko Bikain lortu dutenak, eta honek balioa ematen dio Elgoibarkoa Udalak lortu duen Urrezko Bikain ziurtagiriari.

• Indarguneak eta ahuleziak
Ebaluazio prozesu osoan eskuratutako informazioa oinarri hartuta, talde ebaluatzaileak hiru indargune garrantzitsu aitortu dizkio Udalari: batetik, euskara normalizatzeko plana eta hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak errotuta daudela Udalean eta neurketak egiten direla; bestetik, langileek duten hizkuntza gaitasun altua; eta azkenik, Udalaren Hizkuntza Politika organo nagusietan onartuta dagoela eta ordezkari politikoek ere barneratuta dutela. Era berean, langileek euskara planarekiko duten atxikimendu handia dutela ondorioztatu dute aztertzaileek.

Baina badira hobetu daitezkeen alderdiak: lehenik, testuak euskaraz sortzea sustatu behar dela antzematen da; bigarrenik, Udalak bere hizkuntza politikaren berri eman behar duela, modu horretan, hornitzaile, bezero eta abarrekin euskaraz aritu ahal izateko; eta hirugarrenik, langileei euskaraz lan egiten laguntzeko baliabide gehiago jarri behar dituela, hala nola, baliabide informatikoak nahiz hizkuntzaren beraren gaineko prestakuntzakoak.

Bikain ebaluazioak erronka berriak dakarzkio Udalari; izan ere, jasotako txostenean argi agertzen dira zeintzuk izan daitezkeen aurrera egiteko proposamenak eta giltzarriak.

Ziurtagiriaren banaketa ekitaldia
Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagirien banaketa Donostian egingo da aurten; Kursaal Jauregian izango da abenduaren 19an, arratsaldeko 18:30ean.