Euskarazko film labur bat egunero, gaur hasi eta abenduaren 2ra arte

Barren.eus 2016ko aza. 21a, 10:38

Abenduaren 3an da Euskararen Nazioarteko Eguna. Guretzat euskararen egunak 365 badira ere, egun hori gero eta bereziagoa da elgoibartarron artean, eta barren.eus webguneak ere euskaraz gozatzeko gure aletxoa eskaini nahi dizuegu elgoibartarroi. Ekimena Kontseiluak proposatutakoa da, eta Udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean prestatu dugu.

Gaur hasi eta abenduaren 2ra arte, egunero-egunero euskarazko film labur bat eskainiko dizuegu. Bai, euskarazko filmak ikusteko aukera eskainiko dizuegu, doan, zaudeten tokitik mugitu gabe. Film laburrak dira denak, eta oso laburrak direnak ere badaude tartean. 1:55 minutukoa da motzena eta 11:30 minutukoa luzeena. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatutako Euskaraz bizi nahi dut film laburren lehiaketara aurkeztutako lanak dira guztiak. Lau edizio izan ditu lehiaketak, 2012 eta iaz bitarte. Urteotan lehiaketara aurkeztutako lanen hautaketa egin du aurten Kontseiluak, eta horiek dira datozen egunetan eskainiko dizkizuegunak.

Hasteko, gaur Besarkaden bideoa daukagu. Lagun batek Iruñeko alde zaharra zeharkatzen du txartel bat eskuetan duela, auzokideengan erreakzio ezberdinak eraginez. Zer dio txartelak? Zelan erantzuten du jendeak? Kontseiluak sortu zuen bideoa 2010ean, eta bi minutuko iraupena dauka.

Euskaraz bizi nahi dut from Igor Astibia Teiletxea on Vimeo.