'Euskararen isobarak' hitzaldia emango du Pako Aristik eguaztenean

Barren.eus 2016ko eka. 7a, 12:23

Pako Aristik bere saiakera liburua, Euskararen Isobarak, aurkeztu eta gaiaren inguruko hitzaldia eskainiko du eguazten honetan, hilak 8, Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Euskararen inguruko diskurtsoa kutsatzen duten gezurrak detektatzen saiatu da Pako Aristi liburu honetan: euskara politizatua dagoela, ez dela modernoa, subentzionatua dagoela, erakargarritasuna falta zaiola, besteak beste.

 Gezurrak detektatzeko saiakera horretan, Nafarroako Erresumaren garaitik gaur arte euskarak jasan duen gainbehera deskribatu du Pako Aristik (Urrestilla, 1965) “Euskararen Isobarak” liburuan. Erakunde politikoen eta hizkuntzen iraupenaren arteko harremana ere sakon aztertu du liburuan. Estilo bizian idatzia, istorio, pasadizo, aipu, datu eta gogoeta zorrotzak erabiliz idatzia dago liburua, baina, ez da ondorio bat, gogoeta askoren abiapuntua baizik, eta hain zuzen ere, hori da idazlearen asmoa: gure herriaren eta gure hizkuntzaren aurkako ideiak barneratuta dauzkagunez horiek detektatzea eta desaktibatzea. Eguazteneko hitzaldian, beraz, liburua aurkeztu ez ezik, euskaldunoi geure hizkuntza- errealitatearen kontzientzia pizteko ahalegina egingo du idazleak. 

Hona hemen Pako Aristiren berba batzuk, solasaldian esango duenaren aurrerapen moduan: 

  • “Modu basatian inposatu dira bi hizkuntza Euskal Herrian: espainola eta frantsesa. Hori bai, legearen laguntzarekin, baina guztiz inmorala izan da. Azpiratu dute euskara piramide sozialaren barreneraino, sinetsaraziz gureak direla espainola eta frantsesa ere. Baina ez ziren, eta ez dira. Propaganda erabili dute hori modu naturalean gertatu dela sinestarazteko munduari, baina ez da hala izan, koertzioaren bidez gertatu baita, gure erakunde propioak suntsitu ondoren. Hizkuntza ez baita galtzen dakitenek hitz egiten ez dutelako, dakitenei hitz egitea debekatu zaielako baizik. Halere, diskurtso legitimistak busti du, erabat, gure ideologia linguistikoa. Amesgaiztotik esnatzen garen arte.” 

Hitzaldia ekainaren 8an izango da, asteazkena, Kultur Etxeko hitzaldi-gelan, arratsaldeko 19:00etan hasita. Hitzaldia Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin.

pako aristi elgoibar uztarria