Kike Amonarrizek eta Iker Martinez de Lagosek Berrikasi eta Berrikusi dokumentua aurkeztuko dute apirilaren 25ean, astelehena, Elgoibarko Kultur Etxean. Beste lagun batzuekin batera, Kikek eta Ikerrek euskalgintzaren azken 50-60 urteetako irakurketa egin dute, eta horren berri emango dute. Baina etorkizunari ere begiratu diote lan horretan, eta aurrerantzean euskalgintzan jarduteko lan-ildo batzuk ere proposatuko dituzte, hitzaldira joango direnen artean eztabaidatzeko.
Topalabe taldeak azken hamarkadetako euskaltzaletasunaren irakurketa kritikoa egin eta etorkizunerako gako berriak asmatzeko helburuarekin sortu zuen Berrikasi eta Berrikusi gogoeta, 2015. urtean, eta euskalgintzan hausnarketa eragiteko elementua izan da, beste batzuen artean. Topalabea taldeak dokumentua osatu zuenean ondoko hitzekin eman zion sarrera gogoetari: “Dokumentu hau euskaltzaletasunaren azken hamarkaden irakurketa kritiko bat da, etorkizuna begi berriz ikusteko helburuarekin egina. Eztabaida zintzoa suspertu nahi luke egin dugunaz, eskarmentu horrekin hobeto ekin diezaiogun egiteko dugunari”.
- 2015eko maiatzean Topaberri aldizkarian argitaratutako gogoeta formatu digitalean ere eskuratu daiteke ondoko loturan: Berrikasi eta Berrikusi (PDF).
Udazkenean egindako aurkezpen saioak amaitu arren (orain arte zortzi aurkezpen egin dira 2015eko urria eta 2016ko otsailaren artean), tarteka Berrikasi eta berrikusi gogoetaren gaineko mintegi eta hitzaldiak antolatzen jarraitu du Topalabe taldeak, eta Elgoibar izango da hurrengo hitzordua, apirilaren 25ean. Hitzaldi-tailerra izango da. 45 minutuko azalpenaren ondoren, galdera-erantzunen txandari eta talde-dinamikari ekingo diote parte hartzaileek.
- Eguna: apirilak 25, astelehena
- Ordua: 19:00
- Lekua: Kultur Etxeko hitzaldi-gelan