Deba ibaiaren ertzean gaixorik dauden zuhaitzak bota eta espezie berriak landatuko dituzte

Barren.eus 2016ko mar. 15a, 15:33

Elgoibar parean, Deba ibaiaren ertzetan landatuta dauden 60 makal (Populus alba) inguru gaixorik daudela-eta, zuhaitz horiek moztu eta berriak landatuko dituzte datorren asteburuan. 

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, izurriak jota daude Deba ibaiaren ertzetan landatuta dauden hainbat zurzuri edo makal. 31 zuhaitz handi eta 25 txiki dira gaixorik edo hilda daudenak, Urazandipean eta Lerun industriagunean.

Elgoibarko Udalak gaixorik zeuden zuhaitzetako laginak bidali zizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurumenaren Garapenerako Departamentuari. Han, laginak Nekazaritza Laborategian aztertu ostean, koleopteroen espezieko intsektu batek (Saperda Carcharias L) eragindako kalteen ondorioz zeudela gaixorik ondorioztatu zuten. Zuhaitzaren enbor zein adarrak zulatzen ditu intsektu zulatzaile honek, -Makalen zulatzaile ere deitzen diote-, eta zulo horiek zuhaitzaren egitura kaltetuta eta ahulduta lagatzen dute, haize ufada indartsuak daudenetan adar eta enborrak botatzeko arriskua areagotuz. Horixe gertatu zen King-Kong parean dauden bi zuhaitzekin. Biak erori ziren hego haize indartsua ibili zen egunetan, joan den urteko irailean azkena

2016 03 15 zuhaitzak gaixorik deba ertzean

Era berean, landatuta dauden lekua ez dela espezie honetako zuhaitzentzat egokiena nabarmendu dute. Ureztatutako zoruak eta hezetasun handia behar dituzte ibai ertzeko makalek.

•Lizarrak eta serbalak landatuko dituzte 

Datorren barixakuan eta zapatuan moztuko dituzte gaixorik dauden zuhaitzak. Lan horretarako 10.000 euro bideratuko ditu Udalak. Gero, Ura agentzia arduratuko da zuhaitz berriak landatzeaz. Lizarrek eta serbalek hartuko dute makalek lagako duten lekua.

2015 09 16 haizeak zuhaitza bota2

2015 09 16 haizeak zuhaitza bota5

2016 03 15 zuhaitzak gaixorik deba ertzean v1