'Argiaren miraria' Garagartzako eliz-parrokian

Barren.eus 2023ko mar. 31a, 10:26

Kristau-erlijioan, Deikundea ospatzen dute martxoaren 25ean, Gabriel aingeruak Mariari Jesusen jaiotza iragarri zioneko momentua, eta misterio hori irudikatzeko garai bateko aparejadoreek arkitektura baliatu izan zuten zenbaitetan.

Hemen gertuan, San Juan de Ortegako (Burgos, Espainia) San Nikolas Bariko elizakoa da adibide bat. Bi ekinozioetan, eguzki-izpi batek Deikundearen kapitela argitzen du arratsaldeko ordu jakin batean. Eta Mendaroko Garagartzako eliz-parrokian gauza bera gertatzen dela ikusi dute. Hala, zapatuan, ospatu egin zuten. Baina, zapatuan bizi izan zutena azaltzeko, urtebete egin behar da atzera.

Iaz, martxoaren 25a baino egun batzuk aurretik parrokiko eliztar batzuek jabetu ziren aldareko horma-hobiko gurutzea argiztaturik zegoela, argi naturalez, eta hain iruditu zitzaien ederra, argazkia egin ziotela. Parrokiako atarian, ezkerraldean dagoen leihotik sartzen zen argia, fatxadako simetria hausten duen leihotik, eta zuzen-zuzenean argitzen zuen aldarearen atzeko horma-hobia, gaur Jesukristo gurutziltzatuaren irudia dagoen lekua. Sarri erreparatua zioten leiho horri eta bere funtzioa zuela jabetu ziren hala. Iazko, martxoaren 25ean, hileta-elizkizun batean eta jauna eman aurretik, 18:30ak aldera, zer gertatzera zihoan adierazi zien Txomin Zabaleta parrokoak hiletara bildutakoei. Azaldu zien ziurrenik ez zela kasualitatea aldareko horma-hobia eguzki-izpiz argiztatzea, Deikunde eguna zelako, eta lehen, gaur Jesukristoren irudia dagoen lekuan, Ama Birjinaren irudia egon zelako. "2022an, udaberriko ekinozioan deskubritu genuen gertatzen zena, baina nahi izan genuen irailean, udazkeneko ekinozioan, berriro gertatzen zela egiaztatzea. Eta iazko irailean egiaztatu genuen eguzkiak, negurako bidean, berriz ere Garagartzako horma-hobia agurtzen duela", azaldu du Zabaletak. Geroztik, leiho hori noiz eraikia zen argitu nahian ari dira eliztarrak.
 • Ama Birjinaren irudia, lehengo bere lekura
Historialariek ez dute uste leihoa eliza eraiki zutenekoa izan daitekeenik, baina ez dute baztertu Deikundearen misterio hori gogoratzeko egin izana leihoa norbaitek gerora. Eliztarrek ez dute zalantzarik. Adinekoek gogoratzen dute gaur Jesukristo gurutziltzatua dagoen horma-hobi horretan garai batean, 50eko hamarkada hasiera aldera arte, Ama Birjinaren irudia zegoela. Angel Bazterretxearen aurreko kapilauak kendu ei zuen Ama Birjina handik, eta ezkerraldean jarri zuen, haren lekuan, horma-hobian, gurutzea jartzeko.
Rosa Mari Arriolak oroitu du parrokia berritzeko obrak egin zituztenean kendu zituztela elizatik santu asko eta orduan eztabaida handia egon zela, batzuek Ama Birjina nabarmentzearen alde egin zutelako eta beste batzuek, Jesukristo nabarmentzearen alde. Ordura arte, baina Ama Birjinari zegokion aldare nagusiko horma-hobia, eta horregatik, zapatuan bere lehengo lekura itzuli zuten, "eliztarrek jositako arropa berria jantzita". "18:00etan elkartu ginen elizan, eta Bezperak errezatu ostean, 18:35ak aldera, patxadaz gozatu genuen ikuskizunaz. Ondoren montxorra egin genuen", azaldu du Zabaletak. "Nagusienek esan digute beraiek bazekitela gurutzera eguzkia iristen zela noizik behin. Noizbait ahaztu zen Mendaron gertaera horren zergatia eta helburua. Aurtengo ospakizunarekin, hasiera eman diogu urtero martxoaren 25ean egingo dugun otoitzaldiari. Opari eder hori utzi ziguten gure arbasoak omendu eta natura eta gizakiok elkarrekin edertasuna sortzeko dohaiaz gozatuz".

2023 03 30 garagartza eliza mendaro leihoa 1