Jon Gonzalez "Txuli": “Lehen, hogei bat irteera egiten genituen neguan, baina orain, egun solteak izaten dira”

Barren.eus 2023ko ots. 3a, 18:04

Hormigoi-kamioiarekin hasi zen lanean, beste batzuentzat, baina 2001ean, "apustu handia egin" eta lortu zuen ametsa betetzea: obrako kamioia erostea. Geroztik autonomo gisa dabil Trans.O.Gui kooperatiban. Obra handietarako ibili ohi da normalean lanean, harria, lurra eta bestelako materialak garraitzen, baina alerta metereologikoa aktibatzen denean, egun hortarako aurreikusiak zituen zereginak laga eta Bidegiren agindutara jartzen da, kamioiari egokitzapen batzuk eginda. Errepideak garbitzen ibiltzen da halakoetan: behar denean, elurra kentzen, eta behar denean, gatza botatzen.

 • Zein da zuen lana? Nola antolatzen zarete?
Bidegirekin hitzarmena sinatuta daukagu elurra datorrenean errepide nagusiak garbi mantentzeko. Hitzarmenean jasota daukagu
azarotik apirilera bitartean, libre egon beharra daukagula behar gaituztenean esaten diguten lekura joateko, elurra kentzera edo gatza botatzera. Lan-eremua ere zehaztuta daukagu guk. Normalean, A8 autobidean, Ermutik Behobiarano, AP1 autobidean, Eibartik Eskoriatza arteko tartean, Leitzaranen, eta 636 errepidean, Bergaratik Beasainera tartean, ibiltzen gara gure taldekoak. Hamabi orduko txandak egiten ditugu, eta gogorra da, bereziki gauez.

 • Zenbat urte daramatzazu neguan errepideak garbitzen? Aldaketarik igarri duzu tarte horretan?
Aurten hamazazpigarren urtea dut egiteko honetan, eta bai, aldea igarri dut, bai. Lehen, gehiagotan deitzen ziguten, gehiagotan egiten zuelako elurra. Ni hasi nintzenean, astebetez jarraian-eta izaten genuen kamioia prestatuta, eta denboraldi osoan hogei bat irteera edo egiten genituen, baina orain, egun solteak izaten dira normalean, lau-bost eguneko lana. Esaten dute klima aldaketarekin muturreko fenomeno gehiago gertatuko direla, eta izango da, baina nik hori da igarri dudana momentura arte.

 • Nondik abiatzen zarete lanera? Nola prestatzen dituzue kamioiak?
Izotza edo elurra iragarria dagoenean Zumaiako ordainlekura joaten gara eta han egiten dizkiogu egokitzapenak kamioiari, aurreko pala eta gatz-zabaltzailea jarri. Han kargatzen dugu kamioia gatzez ere. Obra kamioietan joan eta gure kamioiak elurra kentzeko makina bihurtuta irteten gara handik, dagokigun lekura. Elurmaila 200-300 bat metrora iragartzen dutenean kooperatibako kamioilari guztiak jartzen gara martxan.

2023 02 03 Jon Gonzalez txuli elurrakentzeko kamioia lanean

 • Elurretara joatea gero eta ohikoagoa da gurean, baina ez gaude ohituta gure errepideak elurtuta ikustera. Nola moldatzen gara gidariok halakoetan?
Errepidean denetarik ikusten da, egin eguraldi ona nahiz txarra, baina bai, bietakoak daude: badaude prudentzia handiz gidatzen dutenak eta badaude elurretan zoroarena egiten ibiltzen direnak ere, eta tokatzen zaigu tarteka istripuen lekuko izatea ere. Akordatzen naiz orain hiru-lau bat urteko elurtean Oikia pare horretan autopistako eskuineko erreila garbitzen ari nintzela nola jarri zitzaidan bat atzean pega-pega eginda, urduri itxura batean. Eta, halako batean, han hasi zitzaidan aurreratzen. Ikusten ari nintzen zer gertatu behar zen eta gertatu zen. Nire aurrean jo zuen bazterra. Sekulakoa hartu zuen.

 • Elurteak izan direnetan askotan entzun ditugu bidaiariak kexaka. Beste herrialde batzuetan gutxiagorekin garbi izaten dituztela errepideak eta hemen hutsak kaosa eragiten duela. Zer diozu?
Gertatu dira kaosak, baina ez horrenbeste errepide nagusietan, nik uste. Nik lanean daramadan denboran behintzat, uste dut behin bakarrik itxi behar izan dela A-8 autobidea orduerdi batez, eta istripu bategatik izan zen. Hemen herri barruetan sortzen dira arazo handiagoak, gutxirekin. Errepide nagusiak zabalik izanda ere, jendea hara iritsi ezinda gelditzea da hemen ohikoagoa.

 • 2018ko otsailaren 28ko elurtea datorkigu burura. Hogeita hamahiru urtean ez omen zuen aurrez halakorik egin. Sekulakoa bota zuen gauez, nahiz eguerdirako lurmendu ziren bazterrak. Zer oroitzapen duzu egun hartaz?
Fenomeno bitxia gertatu zen orduan. Hemen, normalean 0-2 gradu artean egiten duenean botatzen du elurra, baina gau hartan hotz handia egin zuen, 0 azpitik bost gradurainokoa. Elurra hegotik sartu zen orduan, eta ez iparraldetik hemen ohikoagoa dena. Inork ez zuen espero horrenbeste egingo zuenik. Haize hotza zebilen Erribera aldean, fronte bat sartu zen eta haize hori honantz ekarri zuen eta hementxe bota zuen elurra. Nik ez neukan ordura arte halakorik ikusita. Elur siku-sikua zen eta berehala itsatsi zen lurrera. Goizaldeko hirurak aldera hasi zen elurra suabe-suabe. Gu gatza botatzen ibili ginen ordura arte, baina ezer bota ez bagendu bezala izan zen. Lan handia izan genuen egun hartan eta denok ibili ginen martxan. Eta hala ere, kaos sentsazio hori izan zuen jendeak.

 • Egiten ari zaretena utzi eta beste gauza batera jarri behar izaten zarete zuek denbora laburrean.
Ez da erraza izaten. Eguerdian bidaltzen digute guri eguneko partea, zer eguraldi iragarpen dagoen eta zenbat kamioi beharko dituzten. Ordurako normalean gu gure lanean hasita egoten gara, eta endredua beti izaten da, baina beti topatzen dugu bidea.

 • Esan duzu autopista bera eta autopistarako sarrerak garbitzen ibili ohi zarela bereziki, baina noizbait tokatu al zaizu elurrak sarri isolatuta laga ohi duen herriren batera iristea kamioiarekin. Nola hartu zaituzte halakoetan?
Ez naiz ibili, eta ez dakit, baina leku horietan estimatuak dituzte gure egiteko berean dabiltzanak. Gurea moduko herrietan baserri auzoetarako errepideak garbitzen aritzen direnek ere esango dizute hori. Elurra polita da ikusteko edo astia hartu eta jolasera joateko, baina errepidera irten behar duenarentzat beti da endredua eta bereziki errepide sare nagusitik aparterago bizi direnentzat. Elurra gustatzen zait niri ere, baina elurra ari duela gauez errepidean ibiltzea beti da gogorra, baita elurra kentzen ari garenontzat ere. Fokuen argitara elurrak min egiten du begietan, nekagarria da.

2023 02 03 Jon Gonzalez txuli elurrakentzeko kamioia b1