Elgoibarko parroko berria izango den Viktoriano Etxabe aurkeztu dute San Bartolome Eguneko mezan

Barren.eus 2022ko abu. 24a, 15:22

Benantzio Otaegi (Azpeitia, 1943) ordezkatuko duen parrokoa aurkeztu dute gaur, San Bartolome Eguneko meza nagusian: Viktoriano Etxabe. Gainera, 29 urtean Elgoibarko parroko izan den Otaegik berak ere hartu du parte Iruñeko Artzapezpiku Francisco Perezek gidatu duen elizkizunean.

Elgoibarko parrokiaren elizbarrutiko Administratzaile Apostolikoa eta Iruñeko Artzapezpikua den Francisco Perezek gidatu duen elizkizunean zortzi apaizek hartu dute parte, horien artean ziren 29 urtean Elgoibarko parrokoa izan den Benantzio Otaegi, eta aurrerantzean honen lekua hartuko duen Viktoriano Etxabe Aginagalde.

Herriko zaindariaren irudiarekin egin duten prozesioan parte hartu dute apaiz guztiek eta San Bartolome eta Errosario kaleean barrena prozesioa egin ostean meza nagusia ospatu dute. Meza horren amaieran Elgoibarren eginiko lana eskertu dio Otaegiri parrokiako elkarteak, eta, besteak beste telebista bat oparitu diote. Elgoibarko Udalaren izenean oroigarri bat ere oparitu dio Ane Beitia alkateak. Begoña Mugertzak berba egin du parrokiko elkartearen izenean, eta 29 urtean eginiko lana eskertu dio Benantzio Otaegiri. "Apaiz ona izan da, baina batez ere gizon ona. Gure konfiantza irabazten jakin du", esan du Mugertzak. Perez artzapezpikuak ere eskerrak eman dizkio 29 urtez parrokiari eta herriari eman dion zerbitzuagatik. "Eta aurrerantzean altuera handiko beste parroko bat izango duzue gidari, Benantzio bera baino altuagoa baita parroko berria", esan du artzapezpikuak, lehengo eta oraingo parrokoak albo banatan zituela. Meza musikaz girotu duen Parrokiko Abesbatza ere goraipatu du Perezek, Euskal Herrian oso ondo abesten dela nabarmenduta.

Otaegik 78 urte ditu, eta azkenaldian osasunez pattal samar ibili dela-eta, Elgoibarko parroko lana lagatzeko ordua iritsi zaiola erabaki zuen joan den urtarrilean

Benantzio Otaegik parroko izateari laga zionetik bailarako lau apaiz eta Madriletik hilean behin etortzen zen Jose Cruz Igartua apaiz elgoibartarra aritu dira mezak ematen Elgoibarren, eta horiei ere eskerrak eman dizkiete parrokiako elkartearen bueltako lagunek. Igartuari oroigarri bat ere oparitu diote, izan duen prestutasunagatik eta eginiko ahaleginarengatik.

Otaegik eta Etxabek besarkada sentitu batekin irudikatu dute erreleboa. Berba batzuk ere esan ditu Otaegik, hasiera batean berba egitea aurreikusita ez bazegoen ere. "Eskerrik asko guztiagatik, animo asko eta eutsi goiari", esan die Otaegik eliztarrei. Datorren astelehenetik aurrera Elgoibarren izango den parroko berriak bere burua aurkeztu eta eskerrak eman dizkie elizan batutakoei.

2022 08 24 bartolome eguna otaegi etxabe besarkada BARREN

2022 08 24 bartolome eguna otaegi etxabe eskua BARREN

2022 08 24 bartolome eguna benantzio oparia tb BARREN

2022 08 24 bartolome eguna prozesioa apaizak artzapezpikuagaz BARREN

2022 08 24 bartolome eguna apaizak artzapezpikuagaz BARREN