Zabalik dago balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketan izena emateko epea

Barren.eus 2022ko mai. 26a, 13:12

Herriko balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du Elgoibarko Udalak, laugarren urtez.

Herritar guztiek har dezakete parte Udalak Debegesarekin elkarlanean antolatu duen lehiaketan. Horretarako, aurrez izena eman beharko dute, ekainaren 10ra bitarten, Arreta bulegoan (HAZ) eta esku-orrietan dagoen QRa betez. Ekimenean parte hartzeko nahitaezkoa izango da NANa erakustea. Gaur loreak banatu dituzte Kalebarren plazan.

Azaldu dutenez, lehiaketaren helburua da, herritarren partaidetzaren bidez, Elgoibarko ingurumen-kalitatea eta estetika hobetzen laguntzea; izan ere, landareek eta loreek hiri-ingurune atseginagoa eta estetikoagoa sortzen laguntzen dute.

Sariei dagokionez, herri mailako bi sari izango dira, biak 200 euroko bonoak, Elgoibarko Txankakua elkarteko saltokietan erabiltzeko. Horrez gain, eskualdeko balkoi eta leiho onena ere sarituko dute, 250 euroko sariarekin.
Ekimen honi buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 741 050 telefonora dei dezakete edo arreta@elgoibar.eus helbidera idatzi. Halaber, lehiaketaren oinarriak www.elgoibar.eus webgunean kontsulta daitezke.
Epaimahaiak ekaineko azken astean ikusi eta baloratuko ditu balkoi eta leiho parte-hartzaileak, lore apainketa ederrenak saritzeko.
Elgoibarren ez ezik, Eibar, Ermua eta Mutrikun ere egingo da balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa.

∞ Lotura duten albisteak: