Elgoibar, Soraluze eta Eibarko arroka bolkanikoak ezagutzeko ibilaldia antolatu dute astebururako

Barren.eus 2022ko mai. 2a, 12:51

Espainiako Geologia Elkarteak Geolodia ekimena jarriko du martxan asteburuan, eta horren barruan antolatu dute Elgoibarko, Soraluzeko eta Eibarko arroka bolkanikoak ezagutzeko ibilbide geologikoa.

Geolodia ekimena “geologiaren dibulgazio-ekintza garrantzitsuena” dela azaldu dute Espainiako Geologia Elkartetik. Maiatzaren bigarren asteburuan egiten dute hainbat tokitan, eta gure ingururako ere antolatu dute ekimen bat. Elgoibarko, Soraluzeko eta Eibarko arroka bolkanikoak ezagutzeko ibilbide geologikoa egingo dute domekan, maiatzaren 8an.

Geolodia egunerako prestatu duten ibilbideak orain dela 110 milioi urte sortu ziren arroka bolkanikoak ezagutzeko aukera emango du. Ibilaldia Elgoibarko Olaso hilerriaren inguruan hasiko da (09:00etan euskaraz eta 10:00etan gazteleraz), eta handik Eibarrerantz joango dira, Azitain industria-guneko leherketa bolkanikoak eragindako arrokak ikustera, hain zuzen ere, eta ibilbidea Soraluzen bukatuko dute hango bidegorriko arroka bolkanikoetan.

Ibilbidea euskaraz edo gazteleraz egiteko aukera egongo da. Ibilbide honetako herri bakoitzera bakoitza bere kabuz joan beharko da, eta jakinarazi dutenez, iraupena 3 ordukoa izango da gutxi gorabehera. Parte hartzeko, aurrez izen ematea beharrezkoa izango da Geolodía Gipuzkoa 2022 webgunean, euskaraz edo gaztelaniaz.

 • 110 milioi urteko arrokak
Euskokantauriar arroko arroka bolkanikoak orain dela 110-80 milioi urte sortu ziren. Sasoi hartan, gure lurraldea ur azpian zegoen, itsaso tropikal batean, eta Ozeano Atlantikoaren zabaltzearen ondorioz, Iberiar eta Europar plakak bereizten hasi ziren, Bizkaiko golkoa irekiz. Irekitze honen ondorioz itsaspeko lurrazala mehetu zen, mantua gorantz mugituz eta mantuko arroken urtzea eraginez, magma basaltikoak sortuz. Magma horiek, inguruko arrokak baino dentsitate txikiagokoak zirenez, beren goranzko ibilbidea hasi zuten itsas-hondora ailegatu arte.

Ekimenaren sustatzaileen berbetan, Elgoibarren igoera horretan lurrazaleko arroketan tartekaturik gelditu ziren magmak aztertuko dituzte; Eibarren, bidai horretan magmak materialak nola zeharkatzen zituzten ikusiko dute, baita erupzio leherkor bolkaniko bortitzek eragindako arroka piroklastikoak ere; eta bidai honetako azken etapan, Soraluzen, itsas hondoan laba basaltiko horiek nola azaleratzen ziren aztertuko dute”.

2022 05 02 geolodia ekimena elgoibar eibar soraluze gdia kartela eusk