Azken egunetako haize bolada indartsuek hainbat kalte eragin dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan. Haizeak ez du kalte nabarmenegirik eragin Elgoibarren, baina haizearen ondorioz trenbidearen katenariara erori zen burdin zati batek irudi ikusgarriak laga zituen atzo Toletxegaingo geralekutik gertu. Era berean, haizea izan zen urte zahar gauean Elgoibarren kanpaikadak ez entzutearen erantzulea. (bideoa dauka)
Gabriel Kurutzelaegi kaleko bizilagun batek grabatutako irudietan ikus daitezke katenaria gainera eroritako burdin zatiak sorrarazi zituen txinpartak. Gertakari batak bestearekin zerikusirik ez badute ere, orain dela egun gutxi sute txiki bat piztu zen kale honetan bertan.
Haizeak kalte gehiago ere eragin ditu Elgoibarren azken egunetan. Abenduaren 30ean, esaterako, Basarte kaleko etxe bateko fatxada zatiak erortzeko arriskua zegoela-eta Eibarko suhiltzaileak bertaratu ziren. Jausitako zuhaitzak trabatik kentzera ere etorri behar izan dute suhiltzaileek Elgoibarrera.
•Kanpai hotsik gabe urte zahar gauean
Hainbat elgoibartar adi-adi zeuden arren, San Bartolome parrokiako kanpaiak mutu geratu ziren Urte Zahar gauean eta ez zituzten jo urteko hamabi kanpaikada ezagunenak. Dirudienez, kanpaikadak kontrolatzen dituen sistemaren etengailu automatikoa zerbitzuz kanpo laga zuen haize boladaren batek.