Elurragatik alerta laranja eman dute barikurako eta zapaturako

Barren.eus 2022ko mar. 31a, 13:50

Apirileko lehen bi egunetarako, barikurako eta zapaturako, alerta laranja ezarri du Euskal Meteorologia Agentziak. Tenperaturek nabarmen egingo dute behera, eta negu beteko baloreak izango ditugu

Gaur, egunaren amaierarako, abisu horia ezarri dute elurragatik, eta 600 eta 800 metro artean egin dezake elurra. Alabaina, horitik laranjara igaroko da elurragatik ezarritako abisua barikuan eta zapatuan. Apirilaren 1ean, barikua, goizaldetik –00:00– zapatu goizera –10:00– elur-kota 200-300 metroraino jaistea aurreikusten du Euskal Meteorologia Agentziak zabaldutako iragarpenak.

Zehazki, barikuan, eguraldi hotza izango dugu eta goizean elur-kota 200-300 metro inguruan kokatuko da. Eguerditik aurrera, ostera, pixka bat igoko da, 400-500 metroan kokatuz.
Era berean, zapatu goizean elur-kota 200-300 metroan egongo da. 10:00etatik aurrera, ostera, elur-kota 400-500 metrora igoko da eta abisua horia izango da.
Domekan prezipitazioak etengo direla adierazten dute eguraldi iragarpenek.