Bederatzi gaztagile lehiatuko dira Elgoibarren urteko gazta txapelketan

Barren.eus 2015ko abe. 17a, 14:55

Mausitxa baserriak aurkari gogorrak izango ditu Gabon Zahar Ferian egingo den 2015. Urteko Gazta Txapelduna ardi-gazta txapelketan. Hego Euskal Herriko beste zortzi gaztagilerekin lehiatuko da abenduaren 26an. Txapelketa aurkeztu dute gaur.

Urteko Gazta Txapelduna lehiaketan parte hartuko duten parte hartzaile guztiek irabazi dute gazta lehiaketa entzutetsuren bat. Izan ere, Elgoibarren lehiatu ahal izateko baldintza da Jatorri Izendapeneko Kontseilu Erregulatzaileak araututa, aurten Euskal Herrian egin dituzten hamasei ardi-gazta lehiaketetako bat, gutxienez, irabaztea. Bederatzi gaztagilek bete dute aurten baldintza hori, tartean Mauxitxak. Elgoibarko gaztagileek beste inork baino lehiaketa gehiago irabazi dituzte aurten, lau guztira.

Epaimahaiak sari bakarra emango du (1.500 euro). Kalamua elkarteak eta Elgoibarko Udalak lankidetzan antolatzen dute lehiaketa hau, eta aurtengoa zortzigarren edizioa izango da. Iaz Joseba Intxausti ordiziarrak eskuratu zuen saria. Txapelketa hau antolatzen duten zortzigarren aldia da aurtengoa.

Udaletxeko pleno aretoan jarraitu ahal izango du, nahi duen orok, urteko gaztarik onenaren aukeraketa. 12:00etatik aurrera epaimahaikideen lana zuzenean ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Dena dela, streaming bidez Internetetik zuzenean jarraitu ahal izango da lehiaketa.

Honako hauek dira aurten lehiaketaren bat irabazi duten gaztagileak: 

  • J.M. Ansola-Mausitxa (Elgoibar): Araia (2015-08-15), Elgoibar (2015-08-29), Legazpi (2015-09-26) eta Gernika (2015-10-26)
  • La Leze (ilarduia): Deba (2015-01-04), Intxaurrondo (2015-09-19) eta Agurain (2015-10-06)
  • Ricardo Remiro (Eulate): Bilbo (2015-06-20) eta Azpeitia (2015-07-25)
  • Ipiñaburu (Zeanuri): Plentzia (2015-08-16) eta Ordizia (2015-09-09)
  • Maria Jesus Larretxea (Elizondo): Uharte-Arakil (2015-08-30)
  • Aitor Urien (Abadiño): Axpe (2015-09-29)
  • Aizpea (Olaberria): Euskal Herriko Txapelketa (2015-10-26)
  • Aixtra (Araia): Bergara (2015-09-12)
  • J. Aranburu Elkartea (Idiazabal): Eibar (2015-11-30)

2015 12 17 urteko gazta aurk1

2015 12 17 urteko gazta 2014ko txap josebaintxausti