Aldundiak 100.000 euro jarriko ditu ufalek bidegorrian egindako kalteak konpontzeko

Barren.eus 2022ko ots. 15a, 15:20

Joan den abenduko eurite handiek Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorri zatian eragindako kalteak konpontzeko lanetarako 100.000 euro inguruko aurrekontua onartu du Aldundiak. Besteak beste, horma altuagoa eraikiko dute, bidegorria aurrerantzean gerta daitezkeen ur goraldietatik babestuago egoteko. Era berean, bidegorrian argiteria jartzeko prozesua ere abian da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jakinarazi duenez, "berehala" hasi nahi dituzten lan horietarako aurrekontua 100.000 euro ingurukoa izango da. Ufalek azpian hartu zituzten bidegorriko zati ugari eta urak bere onera itzuli zirenean agerikoak ziren bidegorrian laga zituzten kalteak: lur-jausiak eta eserlekuetan eta hesituran izandako kalteak nabarmendu dituzte Aldunditik.

Konponketa lanetarako bi jarduera aurreikusten dituzte: alde batetik, ufalen eraginez deseginda geratu zen egurrezko hesitura konponketa. Bestalde, eroritako harri-lubetak konpontzea, eta horren ondoren, petrila handitzea. Bigarren lan horri esker, bidegorriaren horma altuagoa izango da lanak amaitu ostean, eta aurrerantzean gerta litezkeen ufaletatik babestuago egongo dela aurreikusten dute diputazioko arduradunek. Egurrezko hesia konpontzeko lanak berehala hastea espero dute, dagoeneko materiala prest baidute. Harri-lubeta konpontzeko, berriz, Deba ibaiaren ur emariaren maila behar beste jaisteko zain daudela azaldu dute Diputazioko iturriek, obrak segurtasunez egin ahal izateko.
 • Argiteria jartzeko lanak
Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorria Eibarrera arte zabaldu zutenean, 2021eko abenduan, Andikano eta Maltzaga arteko bide zatian argiztapena ipiniko zutela agindu zuten agintariek, argiztapenik gabe baitago zati hori 2009an zabaldu zutenetik gaurdaino. Aldiz, Maltzagatik Eibarrerako zatiak badu argiteria. Aldunditik jakinarazi dutenez, argiztapenari buruzko proiektua seihileko honetan idaztea espero dute. "Orain, Foru Aldundiko teknikariei utzi behar diegu bidegorri honen erabiltzaileentzako aukerarik onenak zein diren aztertzen. Laster berri onak ematea espero dugu", adierazi dute. Dagoeneko argitaratu dute Eibar-Elgoibar bizikleta-oinezkoentzako argiztapen proiektua gauzatzeko iragarkia, eta martxan da lizitazioa. Interesdunek otsailaren 17ra arteko epea dute euren proiektuak aurkezteko. Kontratuaren aurrekontua 32.000 eurokoa da, BEZik gabe.

  Lotura duten albisteak: