Kandelaria eta San Blas egunetako bedeinkapenak egingo dituzte otsailaren 2an eta 3an

Barren.eus 2022ko ots. 1a, 13:05

Iaz moduan, San Bartolome elizan bakarrik bedeinkatuko dituzte aurten san blas opilak, mezarik gabe.

Parrokiak pandemiara egokitu ditu Kandelaria eta San Blas egunetako bedeinkapenak, Santa Klarako eta Madalako baselizetan ere bedeinkatzen baitzituzten san blas opilak lehen.

Hasteko, otsailaren 2an, eguaztena, Kandelaria edo Jaunaren Aurkezpenaren jaia ospatuko du San Bartolome parrokiak. Kandelen bedeinkapena eta meza egingo dituzte, 10:00etan, elizan.

San Blas egunaren txanda izango da, otsailaren 3an, eguenean. 10:00etan bedeinkatuko dituzte San Blas opilak elizan, baina mezarik ospatu gabe. Opilez gainera, lepoko kordelak ere bedeinkatuko dituzte askok Elgoibarren zein Mendaron, eta jantzi ere bai. Tradizio eta sinesmenaren arabera, bedeinkatutako kordela janzten duenak urte osoan ez du eztarriko minik izango. Bederatzi egunez jantzi eta gero erre egin behar da.