Hasi dira Mendaroko tren geltokian oinezkoen pasabidea eraikitzeko lanak

Barren.eus 2022ko urt. 28a, 10:23

Mendaroko tren geltokia konpontzeko obrak hasi dituzte eta egingo dituzten lanen berri emateko herritarrekin bilera izan dute asteon Euskal Trenbide Sareko ordezkariek. Lanei lotuta, geltoki inguruan aparkaleku berriak sortu ditu Mendaroko Udalak.

Bilbo-Donostia linean egingo dituzten lanekin Mendaroko geltokiko trenbidea modernizatzea eta nasen arteko trenbide-pasagunea kentzea dute helburu.
Garraio Sailak jakitera eman duenez, orain trenbidean dagoen pasabidea kendu eta ordezkatzeko alde banatan igogailuak ipiniko dituzte eta bien artean oinezkoentzako gaineko pasabidea eraiki. Bestalde, trenbide zati bat berritu egingo dute, izan ere, materiala zaharkitua dago. Horretarako hormigoi armatuzko eta aurrez atezatutako trabesa blokebakarren gainean soldatutako errail jarraituak ipiniko dituzte. Erdiko nasan ere ia metro bat zabalduko dute.
Lan batzuk gauez egin beharko dituzte, trenik ez dabilenean, beraz, egun batzuetan zarata egon daitekeela jakinarazi nahi diete herritarrei, gainontzean, herrian ez da beste trabarik izango obra hauen harira. Lanak egiteko urtebeteko epea dute, hortaz, aurreikusitakoaren arabera 2023 hasierarako geltokia berrituta izango da.

2022 01 28 mendaro tren geltokia

 • Aparkaleku berriak geltoki inguruan
Euskal Trenbide Sareak Mendaroko tren-geltokian hasi berri dituen lanen harira, Udalak, inguru horretan, hogei aparkaleku berri sortu ditu: hamar aparkaleku tren geltoki parean eta beste hamar Gurelan Zaharrean. Udaletik zehaztu dutenez, helburua da auzotarrengan obrak sor ditzakeen aparkaleku arazoak leuntzea.

2022 01 28 tren geltokia mendaro obrak hasi aparkalekuak

∞Lotura duten albisteak: