Konposta oparituko du Mankomunitateak loreontzi eta landare hazi eta guzti

Barren.eus 2021ko abe. 15a, 14:13

Bihar, eguena, birziklatutako bio-hondakinekin sortutako konposta banatuko du Debabarreneko Mankomunitateak Gabonetako opari modura, loreontzi eta landare hazi eta guzti. Elgoibarren egingo du banaketa, baina konposta eskuratu nahi duen eskualdeko edozein herritar bertara daiteke.

Gabonetako oparirik onena: hondakinei bigarren bizitza bat ematea da Debabarrena Mankomunitateak martxan jarri duen kanpainaren leloa.

Bihar, hilak 16, 09:00etatik 13:30era bitartean jarriko dute konposta banatzeko postua, Elgoibarko Aita Agirre plazan. Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakariak esandakoaren arabera, ekimenaren helburua da ikustaraztea birziklatutako hondakinei bigarren bizitza ematen zaiela.

“Birziklatzen dugunean, hondakinei bigarren bizitza bat ematen diegu, eta, hori irudikatzeko, eskualdean jaso dugu bio-hondakinekin sortutako konposta loreontzietan banatuko dugu, landare bat landatzeko haziekin batera. Jasangarritasunaren aldeko pausuak ematen jarraitzeko eta ingurumena zaintzeko, ezinbestekoa da herritarren inplikazioa. Keinu honekin, birziklatzen duten pertsonei adierazi nahi diegu hondakinak birziklatzeko egiten duten ahaleginak baduela eragin positiboa. Eta, oraindik modu egokian birziklatzen ez dutenei erakutsi nahi diegu badaudela ohiturak aldatzeko eta hondakinak gaika biltzen hasteko arrazoiak, eta guztion artean gure eskualdean aldaketa sortzeko gai garela”.

 • Herri gehiagotara
Bihar, konposta Elgoibarren oparituko duten arren, eskualdeko edozein herritar bertara daiteke hura eskuratzera eta gainera, biharko ekimenean ikusten den interesaren arabera, Mankomunitateak aztertuko du ekimen bera eskualdeko bestelako herrietara zabaltzeko aukera.

2021 12 15 Debabarrena Gabon kanpaina kartela