Elur-hontza: Ezusteko bisita Asturiaseko kostan

Barren.eus 2021ko abe. 3a, 09:22

Juan Luis Mugertza BARRENeko kolaboratzaileak elur-hontza ikusi du, eta bere bizipenaren kronika bidali digu. Elur-hontzari buruzko albistea irakurri, eta haren bila abiatu ziren, zehazki non egon zitekeen jakin gabe.

Duela bi aste irakurri genuen Berria egunkarian elur-hontzena. Dirudienez, hiru ikusi zituzten, baina Kantabrian aurkitutakoa, oso ahul omen zegoen, eta hil egin zen. Beste biak, bata arra, bestea emea, Asturiasen omen zeuden, Gozón udalerrian-edo. Bihotzak bultzatuta, “Joango gara?”, esan nion Edurneri. Izan ere, momentuan jabetu nintzen: Joan, nora baina? Horretarako, informazio zehatza behar, eta guk ez genuen inolako kontakturik, ezta laguntzarik ere. “Bai?, haraino joan…” Neuk ere ez nuen oso garbi ikusten 292 kilometroko bidea egitea, baina joan ezean… Gainera, darraionarentzat da ehiza, eta hori sinetsita…

Lehenengo eta behin, eguraldiari erreparatu genion, badaezpada. Gero, ostatua topatzen saiatu ginen, lekurik egokiena zein izan zitekeen gora eta behera txakurra garitan bezala ez ibiltzeko. Moniello hondartzaren inguruan ikusi zuten hontz bat, Peñas lurmuturrean. Hori larunbatean eta igandean. Ez astelehenean, ez asteartean, txori arrastorik ez zuten izan, eta guk astearte arratsaldean ospa egin nahi genuen, asteazkenean, goizean goizetik bazterrak arakatzeko. Eta horrelaxe joan ginen Luancora, tundrako eremu oso hotzetan, muturreko izotz eta elur baldintzetan, eta gizakirik ez dagoen toki basatietan bizi den elur-hontza (Bubo scandiacus) bilatzera. Halarik ere, ez genuen fede handirik izan Iberiar penintsulan inoiz ikusi ez den espezie hori ikusteko. Izan ere, agertzen diren bezala, desagertu egiten dira. Etxera bueltatzeko milaka kilometro egin behar, eta ez dago jakiterik iritsiko diren, edo bidean hilko diren. Hemen beren bizilekutik at daude, galduta, herriminak jota, eta gugandik gertuen atzemandakoa, Frantzian, 2014an, Re uhartean ikusi zuten.

2021 12 03 elur hontza errep barren Juan Luis Mugertza 2
 • Harry Potterren sagan agertu zenetik ospetsua
Ohera joan aurretik sare sozialetan, hontzen arrastoak topatzen saiatu ginen, baina… Ez genuen begirik bildu. Ezin izan genuen burutik kendu Asia, Amerika eta Europako iparraldean bizi den, urre begiak, hirurogei zentimetro altu, eta metro eta erdi zabal dituen, neguan migrazio laburra egiten duen, eta Harry Potterren sagan agertu zenetik horren ospetsua den elur-hontz maitagarria. Ipar Amerikan hontz artikoa esaten zaio, eta arrak ia osorik zuriak dira, emeek luma beltz zatiak dituzten bitartean. Gazteak direnean pikartak dira, zuri bilakatzen diren arte helduak izatean.
Oraindik ez omen dago jakiterik nola heldu diren Asturiasera. Dirudienez, batzuetan, barkuak (“ship assistant migration”) erabiltzen dituzte atseden hartzeko, eta inoiz, bertan gelditzen dira pasaiarien bidaiaren zati bat gauzatzeko. Hori omen da hipotesi nagusia. Dena den, teknika berritzaile baten bidez (lumen isotopoen azterketa), aukera omen dago jakiteko Kantabrian hildako hontzak non eta zer jan duen, eta horrek bere jatorria jakiten lagunduko du.

2021 12 03 elur hontza errep barren Juan Luis Mugertza 5

2021 12 03 elur hontza errep barren Juan Luis Mugertza 4

2021 12 03 elur hontza errep barren Juan Luis Mugertza argazkilariak