Goñati pilotalekuko komunak, herritarrentzat zabalik

Barren.eus 2021ko urr. 25a, 20:01

Pilotalekuan dauden bi komun publikoak herritarren erabilerarako zabalduko ditu Mendaroko Udalak. 

Asteazken honetatik aurrera erabili ahal izango dira Goñati frontoian dauden bi komunak. Egunero egongo dira zabaik, honako ordutegiarekin:

  • Igandetik ostegunera 8:00etatik 21:30era.
  • Ostirala eta larunbata 8:00etatik 22:00etara.
  • Gauez itxita.

Mendaroko Udaletik jakinarazi dutenez, egunero garbituko dituzte.

 • "Erantzun partziala"  izan dela uste du EHBilduk

Albiste honen harira poza agertu dute Mendaroko EHBildutik, aspaldiko eskaera izan dutelako herrian komun publikoak jartzearena.  Maiatzeko kreditu aldaketetarako luzatutako proposamenen artean ere jaso zuten herrigunean komun publikoak ezartzeko 60.000 euroko partida gordetzea. Udal gobernuak, baina, atzera bota zuen orduan proposamena. Nolanahi ere, frontoiko komunak zabaldu izana begi onez ikusi dute EHBildun. Hala ere, uste dute aukera hobea bilatu behar zela:"Zerbitzu hori eskaintzea  oso ondo ikusten dugu. Arazoari irtenbidea emateko hautua, ordea, ez zaigu hain egokia iruditzen. EHBildutik ohartarazi dute frontoiak herriaren erdigunean kokapen ona duela iruditu arren, komunetara joateko eskailerak jaitsi beharko direla eta dauden barandak ez direla mugikortasunaren ikuspegitik egokienak. Jende nagusiarentzat eta mugikortasun arazoak dituztenentzat zailtasunak planteatzen dituela azpimarratu dute eta salatu dute ez dela aurreikusten frontoiaren irisgarritasuna hobetzeko egokitzapen lanik egitea. "Bi milioi eurotik gorako remanentea dauka Mendaroko Udalak. Oinarrizko zerbitzu hobeak izateko baliatzearen aldekoak gara EHBildun", jaso dute prentsa-oharrean.

2021 10 25 komun publikoak mendaro gonati 1