Kaleak oinezkoentzat berreskuratzeko asmoz, itxita daude erdiguneko kaleak

Barren.eus 2015ko aza. 24a, 14:48

Kaleak oinezkoentzat berreskuratzeko asmoz, aurten ere mugikortasun iraunkorraren astea antolatu du Elgoibarko Udalak, eta erdiguneko kaleak trafikoarentzat itxita egongo dira azaroaren 30era arte. Aukera aprobetxatuz, 60 + ekimeneko lagunak Mintxetatik herrigunera jaitsi dira, eta herriguneko kaleetan barrena egin dute martitzenero eta eguenero Mintxeta inguruan egin ohi duten ibilaldia. 

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, Mugikortasun iraunkorreko astearen helburua da erdiguneko kaleetan auto pribatuak gutxitzea. Iaz bezala, aste osoan itxita egongo dira uneoro San Frantzisko, San Bartolome, Errosario eta Santa Ana kaleak motordun, anbulantziak eta garajeetako ibilgailuentzat izan ezik. Era berean, asteburu honetan Maalako zubitik Ermuaranbideko errotondarainoko bidea itxi egingo da motordun ibilgailuentzat, zapatuko 15:00etatik domeka gauerdira arte. 

Mugikortasun iraunkorrarekin zerikusia duten hainbat ekintza antolatu ditu Elgoibarko Udalak aste honetarako. Joan den zapatuan, esaterako, bigarren eskuko produktuen merkatua egin zuten Lekueder parkean. Herriko ikastetxeetako ikasleek liburuak, jostailuak, apaingarriak eta beste hainbat gauza jarri zituzten salgai. Parrokiako misio taldeak, berriz, bidezko merkataritzako produktuak saldu zituen. Salerosketaz aparte, birziklatzeari buruzko ikastaroa eskaini zuten Lekuederren. Material birziklagarria erabiliz, Eguberrietarako apaingarriak egiten irakatsi zieten gaztetxoei.

•Bide segurtasuna ikastetxeetan

Elgoibarko Udaltzaingoak bide segurtasunari buruzko azalpenak emango dizkiete bost urteko herriko umeei, euren ikastetxeetan. 

2015 11 24 mugikortasun astea 60plus1

2015 11 24 mugikortasun astea 60plus

Lotura duten albisteak: