Urruzunoko zabortegia zigilatzeko lanak "bide onetik" doazela azaldu dute Mankomunitateko arduradunek

Barren.eus 2021ko urr. 21a, 09:14

Uztailean hasi ziren Urruzunoko zabortegia behin betiko zigilatzeko lanak, eta prozesuak orain arte bezala jarraitzen badu, zigilatze-lanak urtea amaitu baino lehen amaitzea aurreikusten dute Debabarrena Mankomunitateko arduradunek.

Zabortegia zigilatzeko egiten diharduten lanen berri emateko prentsaurreko agerraldia egin dute arduradunek zabortegian bertan. Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, obrak bide onetik doaz aurrera, beharrezko kontrol neurri guztiekin. "Prozesuak orain arte bezala jarraitzen badu, zigilatze-lanak urtea amaitu baino lehen amaitzea aurreikusten da. Debabarrenako hiri-hondakinen zabortegien aroari amaiera ematetik gero eta gertuago gaude, eta berri ona da hori. Mankomunitatean jasangarritasunaren alde lan egiten jarraituko dugu, herritarrei erraztasunak emanez hondakinei bigarren bizitza bat emateko, zabortegien beharrik gabe”, adierazi du.

Eremua zigilatu eta gero, ingurune naturala berreskuratuko dute landaredia landatuz, eta orduan geratuko da zabortegia erabat itxita eta berreskuratuta, izan ere, 1. eremua 2013an itxi zen. Gure eskualderako aurrerapauso handia dela berretsi du Arraizek "eredu jasangarriagoen alde lan egiten jarraitzeko eta ingurumenaren zaintza sustatzeko".
 • Obren nondik norakoak
Orain arte egin dituzten lanen berri eman dute Mankomunitateko lehendakariak eta ingurumen teknikariak. Obra hasi aurreko prestaketa-lanak egin zituzten urte hasieran eta, behin lanak hasita, lehenik eremuko sastrakak eta landare guztiak kendu zituzten. Eremua prest laga eta gero, ezpondak profilatzeko lanak egin dituzte, sortuko den eremu berriak malda handiegirik izan ez dezan.

Obrak iragazgaizte-fasean daude orain, eta aste honetan hasi dute geosintetikoak jartzeko prozesua, 21.600 metro koadroko eremuan, lurzoruaren ezaugarriak hobetzeko helburuarekin. Aldez aurretik, azalera ezberdinen konformazioa, gasen drainatzea eta dagozkien fabrika-obrak egin dituzte. Iragazgaizte-fasearen helburua da saihestea euri-ura hondakinen artean iragaztea eta ondorioz, saihestea Aranbeltz erreka kutsatzen duten lixibiatuak sortzea, gerora Deba ibaian ere eragingo luketenak.

Eremua zigilatzen dutenean, estaldura-lurzoru bat ipiniko dute. Ondoren, landaredia landatuko dute, eta euri-urak drainatzeko sarea instalatuko dute, Eusko Jaurlaritzak zabortegia ixteko eta ingurumena berreskuratzeko emandako Ingurumen-Baimen Bateratuaren aurreikuspenak betez, zehaztu dutenez. Zabortegia zigilatu ondoren, hormigoizko zola bat eraikiko dute, Mankomunitateko materialen biltegi gisa erabiltzeko, kamioiak eta furgonetak eroso moldatzeko eta beharrezko logistika-lanak egin ahal izateko gune bat izateko. Gune horrek 2.400 metro koadroko azalera edukiko du.

Viuda de Sainz eta Urdinberriren artean osatutako ABEEa ari da obrak egiten -1.083.518 euroko prezioan esleitu zitzaien-, lanen zuzendaritza Hirigintza enpresaren esku dago eta Kantabriako Unibertsitatea ari da geosintetikoak behar bezala jartzen ari direla gainbegiratzen. 

2021 10 20 urruzuno zabortegia zigilatzen elgoibar mankomunitatea panoramikoa barren

2021 10 20 urruzuno zabortegia zigilatzen elgoibar mankomunitatea 3

2021 10 20 urruzuno zabortegia zigilatzen elgoibar mankomunitatea sarea

2021 10 20 urruzuno zabortegia zigilatzen elgoibar mankomunitatea mo

∞Lotura duten albisteak: