Debabarreneko Mankomunitateak Publizitate Kanpaina Original Onenaren Saria jaso du 2020ko Eguberrietako Kanpainarengatik

Barren.eus 2021ko ira. 24a, 13:39

Publifestival sarietan Publizitate Kanpaina Original Onenaren Saria jaso dute Mankomunitateak eta Adaki komunikazio agentziak, “Gabonetan izan garbi” publizitate kanpainagatik.

Gaikako bilketaren tasa igotzeko helburuarekin Gabonetako pertsonaiak agertzen ziren kanpaina egin zuen Mankonunitateak azkenengo Eguberrietan. "Helburu zuen eskualde osoko adin eta jatorri guztietako pertsonengana iristea, gaikako bilketaren tasa igotzeko xedearekin. Zabaldu zen mezua argia zen: Gabonetan sortzen dugun hondakin kopurua nabarmen handitzen denez, egun berezi horietan ezinbestekoa da hondakin bakoitza dagokion edukiontzian uztea", azaldu dute kanpaina hartaz.

Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, Mankomunitatean oso eskertuta sentitzen dira Publifestival sarietan jaso duten sari honekin, eta harro Adaki agentziarekin elkarlanean egin duten lanagatik."Gaikako bilketa sustatzen jarraituko dugu ekintza desberdinen bidez, horien artean sentsibilizazio kanpainak, sinisten dugulako ikusgarritasuna ematen dietela ingurumena zaintzeko beharrari, eta herritarren inplikazioa areagotzeko tresna direla", esan du Arraizek.
 • Sentsibilizazio kanpaina berriak
Aurreko urtean Mankomunitateak hainbat kanpaina zabaldu zituen eskualdeko gaikako bilketaren datuak hobetzeko ahaleginean. Eta, urte eta erdian, eskualdeko gaikako bilketa ia %2 igo dela nabarmendu dute, "herritar eta gizarte eragile guztien inplikazioari esker". Aurten ere kanpaina berriak jarriko dituztela martxan aurreratu dute, orain arteko bilakaera positiboari bultzada emateko. Kanpaina berrien helburua izango da gizarteko gainerako hondakin sortzaileetan eragitea, hau da, aurreko urtean egin ziren kanpainak kontuan izanik, edukiak kolektibo berrietara zuzentzea. Modu honetara, Mankomunitatearen mezua gizarteko esparru guztietara zabaltzea izango da xedea, eskualdeko herritar guztien inplikazioa sustatzeko.

2021 09 24 2020 12 21 birziklatzeko kanpaina gabonak mankomunitatea debabarrena