Web orria berrituta eta ateak zabalduz hasi du iraila Morkaikok

Barren.eus 2021ko ira. 7a, 16:33

Eguazten honetan zabalduko dute Morkaiko mendi taldeak Errosario kalean duen egoitza, hainbat hilabetez itxita egon eta gero. Era berean, webgunea berritu dute.

Morkaiko mendi taldeko kideek azaldu dutenez, hilabete asko igaro dira pandemiak lokaleko ateak ixtera eta programatutako egutegia bertan behera uztera behartu zintuenetik. Zuzendaritzako kideek, baina, ohiko martxa berreskuratzea erabaki dute, "pixkanaka-pixkanaka", zehaztu dutenez. Hori dela eta, eguazten honetatik (irailak 8) aurrera, Errosario kalean duten lokala berriro irekiko dute. Lokala jaiegunak ez diren asteazkenero egongo dela zabalik, 19:00etatik 20:15era. Mendizaleei eta heritarrei kasu egiteko irrikaz daudela argitu dute.

 • Web orri berria
Egoitza irekitzeaz batera, Interneten duten presentzia eguneratu du mendi talde beteranoak. "Web orri berrian online tramiteak eta nabigazioa errazten ahalegindu gara. Intereseko gauzak azkar lortu eta bazkideei harremana erraztea izan da gure xedea", azaldu dute. Azken joerei jarraituz berritu dutela webgunea gaineratu dute, "estetika garbiarekin, irudi handiekin eta kolore argiekin diseinatu da, argitasuna eta ikusmen-arintasuna eman nahian". Tipografia eta edukien banaketa zaindu dituzte, "orrialde modernoa eta atenporala eraikitzeko". Elkarmediak egin die orriaren diseinua eta elkarrekin hasi duten bidean poliki-poliki orria edukiz betetzen jarraituko dutela esan dute.

Ikus hemen: https://morkaiko.eus/

2021 09 07 morkaiko web berria elgoibar mendia