Julia Larrañaga Garate mendaroarra omendu du Mendaroko Udalak Santana Egunez

Barren.eus 2021ko uzt. 28a, 12:04

Astelehenean Goñati pilotalekuan egin zuten bertso-saioa hasi aurretxoan, Julia Larrañaga Garate mendaroarra omendu zuen Mendaroko Udalak, azaroaren 1ean 100 urte beteko dituen herritarra.

Agarre-Txiki baserrian jaio zen Julia Larrañaga eta Sahatzu-azpiko baserrira ezkondu zen gero Pedro Aranberri Arakistainekin, Itziarko Isasi baserriko semearekin. Bi seme eta alaba bat izan zituzten. Mendaroko Udalak herriko nagusiena omendu ohi du urtero herriko jaietan, eta aurten, omenaldia Santa Ana egunez egin zuten.

Amaia Agirre bertsolari eta gai-jartzaileak aurkeztu zuen omendua Goñati pilotalekuan egin zuten bertso saioan eta ondoren, Andoni Egañak eta Uxue Alberdik bertso bana kantatu zioten. Txalo artean hartu zuten mendaroarrek herriko laguna, eta Iñaki Arregi alkateak lore-sorta eman zion.

2021 07 28 mendaro bertsosaioa omenaldia julia larranaga