Debabarrenako kaleetatik 180 txakur eta katu baino gehiago jaso dituzte

Barren.eus 2021ko uzt. 16a, 11:33

Debabarrena Mankomunitateko animalien ongizate zerbitzuak 32 katu eta 100 txakur artatu zituzten Eibarren duten txakurtegian. Beste 80 txakur ere jaso zituzten, baina jabeei bueltatu zitzaien instalazioetatik igaro gabe.

Hondakin bilketa eta kale garbiketa bezalako zerbitzu ezagunez gain, eskualdeko kaleetan abandonatutako etxeko animaliak, txakurrak eta katuak batez ere, biltzeko eta artatzeko zerbitzua ere badu Mankomunitateak. Albaitari arduradun batek eta animalien hezitzaile batek kalean jasotako animaliei arreta ematen diete Elgeta bide 2ko instalazioetan. Eman dituzten datuen arabera, 180 txakur eta katu baino gehiago artatu zituzten 2020an.

Zehaztu dutenez, iaz 32 katu eta 100 txakur artatu zituzten txakurtegian. Katu guztiak antzutu egin zituzten. “Praktika horren bidez, gure kaleetan katuak ugaritzea saihesten da”. Txakurrei dagokienez, 80 jabeei itzuli zitzaizkien, beste 19 adopzioan eman zituzten eta azken bati eutanasia “errukiorra” aplikatu behar izan zioten. “Mankomunitateak eskerrak eman nahi dizkie txakur horiek adoptatzeko eta animalia horiei bizitza berri bat emateko sentsibilitatea erakusten duten familiei. Nolanahi ere, azpimarratu nahi da animaliak abandonatzeak ondorio legalak dituela, eta desagerrarazi beharreko praktika bat dela”.
 • Elkarte animalistekin lankidetza
Mankomunitatearen animalien ongizate zerbitzua Marcan Huella elkartearekin lankidetzan aritzen da, elkarte horrek etxerik gabeko animaliak adoptatzeko laguntza eskaintzen baitu. Mankomunitateak elkarteak egindako lana goraipatu eta eskertu du, adopzioek arrakasta izan dezaten Mankomunitatearen zerbitzuari ematen dioten laguntzagatik.

2021 07 16 debabarrena mankomunitatea txakurtegia