Deba ibaian zabor bilketa lanak egingo dituzte Elgoibar eta Mendaro parean

Barren.eus 2021ko uzt. 16a, 09:28

Deba ibaiko hainbat tartetan aurki daitezkeen zabor sakabanatuak batzeko lanak egingo dituzte, uztaila eta iraila bitartean, Mendaron eta Elgoibarren.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak ibai guneetan sakabanatuta dauden zaborrak biltzeko kanpaina jarri du abian Deba, Oria, eta Mijoa ibai arroetan. Hiru ibaien artean, guztira 29 kilometroko azalera garbituko dute, udalekin elkarlanean.

Zaborra biltzeko lanak eskuz egingo dituzte Txukun Lorazantza enpresako beharginek, enpresa horrek eskuratu baitu Aldundiak ateratako lizitazioa.

2021 07 16 ibaia garbitzeko lanak

Ingurumenaren zaintza ardatz hartuta, bilketa lan horien helburu nagusia da, ibaietan aurkitzen diren zaborrak jasotzea, besteak beste, horiek itsasora hel ez daitezen. Horren harira, Mendaroko alkateak, Inaki Arregik, begi onez ikusi du ekimena.“Foru Aldundiaren eskumenekoa den heinean, lan horiek gure ibaia txukun mantentzea ahalbidetuko digute eta bide batez, Mendarok gure itsasoen egoera hobetzearen eta bertako espezieen bizi-kalitatea eta etorkizuna bermatzearen aldeko aletxoa ere jarriko du. Etorkizun jasangarri baterako bidean, ezinbestekoa da ingurumenaren zaintzak duen garrantziaz kontzientzia hartzea eta zaintza lan horiek indartu eta bermatzea, eta horren aldeko ekimen oro bultzatu eta babestuko dugu beti”; adierazi du.

Lan horien bitartez, 1,5 kilometro inguruko azalera garbituko dute Mendaron, Mendarozabal kaleko zubitik AP8-ko zubiraino. Aurreikuspenak betez gero, hau da, irailerako amaituta izanez gero, 1,2 kilometroko beste azalera bat ere garbitzea aurreikusten dute, hain zuzen, AP8-ko zubitik N-634 errepideko zubiraino doan tartean.

Elgoibarren garbituko dituzten ibai zatiak beheko mapan ikus daitezke. Andikano eta Maltzaga artean, bidegorri parean; eta, Meliton zubitik Ibaitarte industriagunerako zatietan arituko dira garbiketa lanetan. 

2021 07 01 deba ibaia garbitu guneak planoan