Leire Urkiza: “Eman didan askatasuna da Australiatik gehien gustatzen zaidana”

Barren.eus 2021ko uzt. 2a, 09:39

Filologia hispanikoa ikasi zuen Leire Urkizak (Mendaro, 1993) Gasteizen eta Australiara abiatu aurretik irakasle aritu zen Iruñean. 2018ko urrian iritsi zen antipodetara, eta geroztik, makina bat abentura bizi izan ditu. Ikasi eta lan egiteko aukera eskaini dizkio Australiak, bai eta kultura ezberdinetako jendearekin harremantzeko aukera ere. Duela gutxi, furgoneta bat erosi, eta Australiaren ertz guztia egitera abiatu zen Lornetik.

Zortzi bat mila kilometroko bidea osatua du, baina falta du oraindik zatia. Australia iparraldean dago orain, uda betean, eta presarik ez du. Lelo bat dauka: bihar iritsiko da, baina gaur, gaurkoa gozatu behar da.

 • Bada denbora Mendaro utzi eta Australiara abiatu zinenetik. Zergatik Australia?
Kuriositate handia piztu izan dit beti Australiak. Literalki munduaren beste puntan dago eta horrek exotikotasun puntu bat ematen diola iruditzen zitzaidan. Beti entzun izan nuen lan asko zegoela Australian eta erraza zela lana topatzea. Hara joan aurretik, irakasle lanetan ibili nintzen Euskal Herrian eta gustatu zitzaidan, baina urtebeterako Australiara etortzeko tentazioa sortu zitzaidan. Bai, hasieran, urtebeterako nentorren. Momentu horretan ez nuen inolako konpromiso edota loturarik Euskal Herrian, beraz kanpora joateko momentu paregabea zela iruditu zitzaidan: egunerokotasunetik irten eta ingelesa ikasteko aukera ezin hobea. 2018ko urrian iritsi nintzen Australiara eta hemen jarraitzen dut oraindik. Sydneyn izan nuen nire lehenengo bizilekua eta bertan pasatu nituen lehenengo zazpi hilabeteak. Asko gustatu zitzaidan, baina ordutik aurrera hiri edota herri txikiagoak aukeratu ditut bizitzeko. Bertan izan dut australiarren benetako bizimodua eta kultura ezagutzeko aukera.

 • Zer beste zenekien Australiaz horrako bidea hartu aurretik?
Hona etorri aurretik ez nekien gehiegi Australiari buruz. Uste dut mundu guztiak duen irudia nuela: hondartza politak eta surfa direla nagusi, animalia arriskutsu asko daudela eta klima ezin hobea dela. Hona iristean konturatu nintzen zein handia den Australia eta zenbat klima desberdin dauden. Iparraldean, esate baterako, klima tropikala da nagusi, baina hegoaldean elurra ikusteko aukera ere izan dut.

 • Nolakoa da horko kultura? Zer egin zaizu deigarriena?
Hemengo bizimoduaren inguruan esango nizuke australiarrek badakitela eguna aprobetxatzen. Goiz esnatzen dira, eta jende asko kirola egitera irteten da, lanera joan aurretik. Bizimodu nahiko lasaia eta erlaxatua dute eta zaila da australiar bat lanagatik estresatuta ikustea. Gehien gustatzen zaidan gauzetariko bat Australiak eskaintzen duen segurtasuna da. Sekula ez dut beldurrik sentitu, ezta emakume izateagatik ere. Lapurretak ere ez dira batere ohikoak hemen, eta jendea lasai bizi da oro har.

 • Nolakoak dira bizi-baldintzak?
Australia herrialde garestia dela esango nuke, baina esan beharra dago lanpostu asko daudela eta orokorrean soldatak oso onak direla. Beraz, diru asko irabazi daiteke, baina gastatu ere erraztasun handiz gastatzen da.

 • Nola bizi zara zu hor? Zertan aritzen zara?
Australian askotariko lanak izan ditut. Batez ere, ostalaritzan aritu naiz lanean. Baina hemen, bakarrik zaudenean, edozein lani heltzea tokatzen da. Adibidez, nekazaritza alorreko lanetan jardun nintzen zenbait hilabetez. Horri esker, bigarren urte baterako bisa lortu ahal izan nuen. Australia oso handia da bizi den jende kopuruarentzat. Hemen bertakoek, gainera, ez dute nahi izaten leku apartatu edo isolatuetara joaterik lanera, eta ezta nekazaritzan, arrantzan edota meatzaritzan lan egiterik ere askotan, eta Gobernuak, sari gisa, bisa beste urtebetez luzatzeko aukera ematen die ni bezala atzerritik etorri eta gutxienez hiru hilabetez lan horietan aritzeko prest gaudenoi. Guretzat primerako aukera da, eta Gobernuarentzat ere bai, eskulana behar duelako. Ni neu nekazaritzan jardun nintzen hiru bat hilabete pasatxoz. Sekula ez nuen imajinatuko horrelako leku batean eta horrelako lanetan arituko nintzenik, baina egia esan, oso esperientzia aberasgarria izan zen. Mahatsa, mandarinak... batzen aritu nintzen, eta esparragoak ere landatu nituen, esate baterako. Kale-umea naiz, eta sekula aurrez egin gabeko lanak nituen horiek denak, baina asko gozatu nuen. Gogorra ere izan zen, jakina, oso lan fisikoa delako eta ni ez nengoelako prestatuta, baina oso esperientzia polita izan zela ere esan dezaket. Ikaragarri ikasi nuen eta lagun asko egin nituen. Sasoian sasoikoa zer den ezagutzeko aukera ere izan nuen, supermerkatuetako apaletan ikusi ohi ditudanak noiz landatu eta noiz jasotzen diren jakiteko aukera, eta gainera, egindako lanari esker dirua aurreztu nuen eta beste urtebeterako bisa ere eskuratu nuen.

2021 07 02 Leire Urkiza australia mendaro Almendra arbolak astintzen 2021 07 02 leire urkiza australia Karijini Parke Nazionala Esparragoak landatzen

 

 • Euskal Herrira sartu-irten bat egin zenuen, baina bada Australiara lotzen zaituen zerbait itxuraz.
Bai. Duela urte bat eta hiru hilabete inguru Euskal Herrira itzuli nintzen, sorpresaz, familia eta lagunak ikustera. Bertan nengoela, COVID-19aren inguruko berriak hasi ziren ateratzen egunero. Argi nuen nire bueltako hegaldia aurreratzen ez banuen ezingo nintzela Australiara bueltatu. Nik momentu horretan nire bizitza Australian nuen eta pena izugarriarekin, baina nahi baino aurretik agur esan behar izan nien guraso eta lagunei. Orain perspektibaz ikusita, erabaki egokia hartu nuela uste dut, Australiara bueltan iritsi eta hurrengo egunean muga itxi baitzuen Gobernuak kanpotik gentozen guztiontzat. Hilabete nahikotxo pasatu behar izan nituen konfinatuta, hori izan baitzen
Australiako Gobernuaren estrategia. Momentuan gogorra izan bazen ere, gaur egun, normaltasun osoz bizi garela esan daiteke.

 • Zer da Australiatik gehien gustatzen zaizuna?
Australia herrialde kulturanitza da eta munduko edozein herrialdetako jendea aurkitu dezakezu hemen. Esango nuke hori dela esperientzia honetatik gehien gustatu zaidana. Aurreiritzi asko desagertu dira niretzat, kulturalki denok oso ezberdinak garen arren aldi berean gauza askotan oso antzekoak garelako. Orain esan dezaket toki desberdin askotako lagunak ditudala: Latinoamerika, Europa, Asia, Australia… Bestalde, oso aske sentitzen naiz hemen. Inork ez nau ezagutzen eta inoiz ez naiz epaitua sentitzen. Euskal Herritik gehien faltan botatzen dudana harremantzeko dugun modua da. Mahai-ingurukoen falta igarri-igarrikoa dut, eta lagunekin afari on bat prestatu eta beraiekin elkarrizketa amaigabeak izatea ere bai. Horko janariaren falta ere badut, Australiako gastronomia ez baita hain aberatsa. Kroketak eta urdaiazpikoa baneuzka hemen... Halakorik ez dago hemen, ez!

 • Australian ere ez zaude zu geldi! Bidaian zaudela jakin dugu. Nondik nora zabiltza orain?
Bai. Duela bi hilabete inguru furgoneta bat erosi nuen. Hilabete inguru aritu naiz furgoneta egokitzen, bertan eroso bizi ahal izateko. Maiatzaren 10ean Lorne utzi (Australia hegoaldean) eta eguzki bila irten ginen iparralderantz, mendebaldeko kostalde guztia bisitatuz. Australiako ertz guztia osatzea da gure asmoa, eta hilabete bakarrean 8.000 kilometro inguru egin ditugu. Australia toki paregabea da furgonetaz edo karabanaz bidaiatzeko edota haietan bizi ahal izateko. Herrialde guztia doan akanpatzeko lekuz beteta dago. Kanpaleku horietan lasai igaro dezakezu gaua dirurik gastatu gabe, eta askotan, gainera, zerbitzu guztiak izaten dira: komunak, dutxak.... Beraz, furgoneta bat erosteak inbertsio handia dirudien arren, etorkizunera begira alokairuan aurrezteko modu bat ere izan daiteke. Esperientzia izugarria da egunero toki desberdin batean esnatzea eta batetik bestera ibiltzea, dena lotu gabe izanda.

2021 07 02 Leire Urkiza australia mendaro ibilbidea mapan

2021 07 02 Leire Urkiza australia mendaro lagunekin akanpada

 • Makina bati zorroztuko zitzaizkion haginak zure elkarrizketa irakurrita. Zer esango zenieke atzerrira irten nahi bai, baina ausartzen ez direnei?
Atzerrira pausoa emateko beldurrez dauden gazte edota ez hain gazte guztiei esango nieke bizi bakarra daukagula. Beldurra eta zalantzak izatea normala da, eta oraindik ere egoera askotan beldur puntu bat sentitzen jarraitzen dudala esango nuke. Baina azken finean, munduaren beste puntan nago, bakarrik, eta zalantza eta beldur guzti horiek gainditzeak asko erakusten du. Momentu zailak bizitzea normala da, baina dudarik gabe balantzan gehiago pisatzen dute bizitako momentu on guztiek eta ezagututako lagunek. Mentalitatea asko aldatzen da. Gutxirekin bizitzen ikasten da, egoera desberdinetara moldatzen ere bai, eta, batez ere, irekiagoak egiten gaitu. Jende asko ezagutzeko aukera ematen du bidaiatzeak eta haiekin enpatizatzen ikasten da. Adibidez, esperientzia honek migrante izatea zer den ulertarazi dit, eta begiak zabalduarazi dizkit. Etorkinek bizi behar izaten dituzten egoera tamalgarriak are ulertezinago zaizkit orain.

 
2021 07 02 Leire Urkiza australia mendaro Kalbarri Parke Nazionala