Maalako barandak egokitu ditu Udalak, umeen segurtasuna bermatu eta zaborra ibaira eror ez dadin

Barren.eus 2021ko mai. 29a, 13:25

Giza Eskubideen Parkean dauden barandekin egin zuten moduan, Maalako parkekoak ere egokitu ditu Elgoibarko Udalak, burdin saeak ipinita, Deba ibaira plastikoak eta bestelako zaborrak eror ez daitezen. Horrez gain, umeak barandan gora igotzea zailduko dute ipini dituzten saretek.

Maalako parkean ibai aldean dauden barandak egokitzeko neurriak Haurren Kontseiluak Eskolako Agenda 21en barruan egindako eskaera bati erantzuten diola azaldu dute Elgoibarko Udaleko arduradunek. "Herri Eskolako 5. ikasturteko ikasleekin landu zen ekimena iaz. Zokalo baten funtzioa betetzen dute. Zokalo horrek hondakinak jasotzen ditu errekan amaitu aurretik", adierazi dute.

Helburua ingurumenaren zaintza bermatzea dela nabarmendu dute, hondakinen kutsadura murrizteko beharrezko neurriak hartuta. "Gainera, Maalako parkean jarritakoek balio izango dute parkearen inguruan haurrak ibaira ematen duen baranda eskalatzen saia ez daitezen".
Udalak 5.808 euro (BEZ gabe) bideratu ditu Maalako barandak egokitzeko lanetara.

Elgoibarko Elkarrekin Podemosek bere poza adierazi du, Maalan eginiko egokitzapenen harira. "Pozten gara, azkenean, Elgoibarko Udalak gure taldeak 2019ko urrian egindako eskaera bati erantzun izanaz, herritarren kexa batzuen bidez iritsi baitzitzaigun. Jendea beti erdigunean", esan dute sare sozialen bidez, egin zuten eskaera argitaratuta.

2021 05 28 baranda berria maala elgoibar

2021 05 28 barandak berritu maala elgoibar 2

2021 05 28 baranda berriak maala elgoibar udala

∞Lotura duten albisteak: