Lourdes Etxeberria: “Nahi nuke Mendarok jarrai dezan hazten eta jarrai dezan herri izaten”

Barren.eus 2021ko mai. 7a, 10:37

26 urte zituela hasi zen Mendaroko udaletxean lanean eta 63 urterekin hartu du erretiroa Lourdes Etxeberria Altzibarrek. Joan zen eguenean, udalbatzaren osoko bilkuran, urte hauetan guztietan egindako lana eskertu zioten egungo udal ordezkariek, lankideek eta Mendaroko alkate izandakoek. Ekitaldian izan zen bere ordezkoa izango dena ere: Irati Labaka Garmendia, 26 urteko beizamarra. Gaur, esker on hitzak izan ditu Etxeberriak guztientzat, eta bereziki lankideentzat.

  • 37 urte badira urteak. Nola oroitzen duzu hasiera hura?
Joseba Etxeberria eta biok hasi ginen lanean Mendarozabal 5eko lokal hartan, eta ibilbide guztian ondoan izan dut, lankide eta lagun. Huts-hutsetik hasi ginen. Dokumentaziorako erabiltzen diren Atik Zrako karpetarik ere ez geneukan eta idazmakinekin egiten genuen lan. Gure lanbidea egia esan guztiz aldatu da ordutik eta exijentzia maila ere bai. Orduan ez zegoen gaurko konturik. 26 urterekin hasi nintzen, dena egiteko zegoela, eta orain konturatzen naiz zein ausartak izan ginen Joseba eta biok erronka honi heltzeko, baina abiatu ginen, gaztetasunak ematen duen indar horrekin. Egia da laguntza handia jaso genuela bai Udaletik eta baita Foru Aldunditik ere, baina dena behar genuen. Ezerezetik hasi ginen ordenantzak idazten, aurrekontuak lotzen... Hirigintzako Plangintza lehenbailehen gauzatu behar zen, ondoren eraikinak egiteko baimenak emateko, eta egia da orain ikusten ditudala orduko dokumentuak eta konturatzen naizela ez daudela horren gaizki ere.

 • Sortu berri zen herria. Ez zuen hasierak erraza izan behar.
Ordura arte Mendaroko zati bat Mutriku izan zen eta bestea Elgoibar, eta Mendarori buruzko dokumentazio guztia bi Udal horietatik jaso behar izan genuen. Bateratzeko lehenengo lana zaborren eta ur horniduraren gaia kudeatzea izan zen. Elgoibar Debabarreneko Mankomunitatean sartuta zegoen ordurako, baina Mutriku sartu gabe zegoen oraindik. Azpilgoetan ur zerbitzu onik ere ez zegoen eta askotan mozten zitzaien ura. Hor ikaragarrizko obrak egin behar izan ziren, eta gaur egun, Kilimoiko urarekin hornitzen dira eskualdeko lau herri: Deba, Mutriku, Elgoibar eta Mendaro. Uholdeak ere izan genituen. 1983an urak hartu zuen Mendaro, eta hondamendi hartatik burua altxatzen hasiak ginenean, 88an berriz izan genituen uholdeak. Garagartzako obra handiak hasteko bultzada izan zen hura. Lan handiko urteak izan ziren. Eskola ere hiru eraikinetan zatituta geneukan herrian eta haiek denak batu eta gaurko eraikina sortzeko, sekulako lana egin behar izan zen. Ordurako jakina zen ospitalea Mendaron eraikiko zutela, baina plangintzak esaten zuen ospitalerako bidea herri barrutik pasatu behar zela. Azkenean, eztabaidatu ondoren, lortu zen bidea kanpoaldetik eraikitzea. Gero etorri zen Erramone industrialdea sortzea. Horiek denak lotu ziren lehenengo etapa hartan, baina jakina, frontoia eta udaletxea bera ere behar zituen herriak, eta etxebizitza berriak ere bai. Herria eraiki behar zen, eta herriak zerbitzuak behar zituen: jubilatuen egoitza, eguneko zentroa, Mendaroko bizkotxogintza sustatzeko ere inbertsio handiak egin ziren nahiz ez zuen funtzionatu, haurreskola, San Agustin kulturgunea.... Urte guzti hauetan esango nuke gutxieneko zerbitzu gehienak eman zaizkiola herri honi.

 • Zer izan da udaletxe hau zure bizitzan?
Dena. Ni udaletxeko lanari emanda bizi izan naiz, eta esan dezaket gustura jardun naizela. Merkataritza-perito izateko ikasketak egin nituen nik, enpresa munduari lotutako ikasketak, eta udaletxean hasi aurretik bi enpresatan jardun nintzen lanean. Bost urteko esperientzia banuen izatez, baina oso bestelako lanetan. Udaletxean hasi nintzenean konturatu nintzen beste prestakuntza bat behar nuela. Izatez, Estaturako Gaikuntza duen Eskalako lanbideetarako soziologoa, ekonomista edota Zuzenbide ikasketaduna izan behar da derrigor, eta ekonomia gaietan ezagutza bat banuenez, erabaki nuen Zuzenbidea ikastea. UNED Urrutiko Unibertsitatean hasi nintzen Zuzenbidea ikasten, eta EHUn amaitu nituen ikasketak. Lana eta ikasketak uztartu nituen aldi batez eta ez zen samurra izan, baina bai egin beharrekoa.

 • Udalbatzaren azkeneko osoko bilkura zuri eskerrak emateko baliatu zuten udal ordezkariek eta langileek. Nola bizi izan zenuen?
Izugarria izan zen, hunkigarria. Egundoko poza hartu nuen. Ez nuen espero eta aretora sartu eta haiek guztiak ikusi nituenean, nik maite ditudan guztiak han ikustean, dardarka jarri zitzaidan gorputz osoa. Juanito Loiola [Mendaroko lehenengo alkate izandakoa. 2014an zendu zen] falta zen, baina han zeuden Ana Mari [Mallabiabarrena] alarguna eta semea, Xeber. Eta han zeuden gainerako alkate izandako guztiak ere. Ezberdinak izan dira denak, baina alkate guztiak izan dira garrantzitsuak niretzat. Urteetan sentitu dut neu izan naizela udaletxean txar papera bete behar izan dudana eta barneratuta neukan jende askok, edo gehienek, ez nindutela laguntzat, eta ostegunean jende guzti hura aretoan ikusteak eta ondorengo egunetan jasotako mezu guztiak irakurtzeak sekulako poza eman didate. Orain esaten diet lankide izandakoei: ‘Sikiera esan izan bazenidate zerbait agur hitz batzuk prestatzeko...’. Bideoan hunkituta ageri naiz, eskuak bihotzera eramanda, ‘maite zaituztet’ hitzez adierazi ezinda. Nire lan ibilbidean sekula ez dut izan ostegunekoa bezain egun politik. Aho-zapore ezin gozoagoarekin noa, baina, polita izango zen ibilbide hau nirekin batera hasi zuenak, Joseba Etxeberriak, nirekin batera hartu balu erretiroa.

 • Gauza bat, hala ere: bizi osoan epeei lotuta bizi izan denari erretiroa hartzera doanean erlojua oparitzea ere...
Kar-kar-kar. Udaletxean lanean hasi nintzen urtea eta aurtengoa grabatuko dizkidate erlojuan eta detaile polita izango da niretzat.

 • Agurrean bi gauza nabarmendu zenituen. Batetik eskerrak eman zenizkion “taldeari”, eta bestetik aitortu zenuen batzuetan gogorra izan zarela, “zorrotzegia”.
Nik beti izan dut garbi nire lana ez dela ezer inguruan talde bat izan ezean. Ni izan naiz askotan gurdiari tiraka jardun dena, baina bakarrik ez nintzen ezertarako gai izango. Oso zorrotza izan naiz nire lanean, zorrotzegia askotan, baina
lanak atera egin behar ziren prozedurak eskatzen duen bezala. Horregatik tokatu zait askotan arauak gogoraraztea eta gauzak legez nola egin behar diren ohartaraztea, epeak zaindu behar direlako edozertarako, dirulaguntzak epe jakin batzuen barruan justifikatu behar direlako eta egiten denak ondorioak dauzkalako.

Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1201. zenbakian -PDF-

2021 05 07 2021 04 29 Lourdes Etxeberria Mendaron alkate izandakoekin eta udalbatzako ordezkariekin