Suhiltzaileen lagun isilak

Barren.eus 2021ko ots. 12a, 10:53

Sute gehienak udan izaten direla uste arren, Euskal Herrian, udazkenetik martxora bitartean izaten da halakotarako arrisku handiagoa. Hotzak erre egiten ditu garoak eta belarrak, sikatu, eta horrek sua zabaltzeko arriskua handitzen du, are gehiago zikin edo erregai asko pilatu bada bazterretan. Ondo dakite hori gure gaurko protagonistek. Debabarrenean retenean aritzen dira boluntario, eta ondo ezagutzen dituzte gure bueltako mendiak.

 Bost lagunek osatzen dute Debabarrenako retena, baina, gaur, hiru etorri dira: Aitor Gisasola (Eibar, 1965), Jose Mari Mugertza (Mendaro, 1957) eta Borja Etxeberria (Zestoa, 1985). Baserriko gizonak dira hirurak, mendian zaildutakoak eta mendia bizi dutenak. Eta horretxek eraman zituen retenerako izena ematera ere. Jose Mari Mugertza eta Aitor Gisasola dira taldeko beteranoenak. Elkarrekin ekin zioten egiteko honi, duela 32 urte. Sasoi hartan Jose Mariren anaia zen inguruotako basozaina eta hark pentsatu zuen Debabarrenerako retena osatzea, beste bailara batzuetan bazeudela ikusita. Eta osatu zuten, baina taldeko batek erretiroa hartu zuen, eta besteek laga egin zuten. Eta haien lekua bete zuten Borja Etxeberriak, Oier Agirrebeñak eta Joseba Mugertzak.
Baserri girokoak dira denak, retenean ari diren gehienen antzera, eta horrek badu bere azalpena. “Mendian bizi denak eta lurrak dituenak beti dauka bere lurren eta ingurukoenen kezka handiagoa”. 1990ean, retenerako izena emandako hamar lagunetik zortzi baserritarrak ziren. “Basozainek ere jakitzen zuten zeintzuk ibiltzen ziren basoan, zein zegoen etxean”, esan du horren harira Etxeberriak. Izan ere, deitutakoan prest egon behar du boluntarioak. “Inork ez daki hemen noiz deituko diguten eta deia jasotakoan beti enkargatuari baimen eske aritzea ez da erraza. Guk biok [Aitorrek eta berak] etxean egiten genuen lan eta tailerrean ari direnen ondoan beti izan dugu abantaila”, esan du Mugertzak. Errazik ez dago, baina. Aitorrekin eta Jose Marirekin batera hasierako taldea osatu zuten haietatik batzuk ere familia, lana eta boluntario-lana uztartzea zaila egiten zitzaielako laga zuten taldea. “Lehen, beranduagora arte egoten ginen mendian zaintzalanetan. Goizaldeko ordubiak arte sarri, eta jakina, goizean tailerrerako goiz jaiki behar duenarentzat gogorra da hori”, gehitu du Gisasolak.

Mendian, zaintza-lanak egiten dituzte retenean ari direnek. Gipuzkoako Foru Aldunditik deia jasotakoan hasten da haien lana. Egiten duen eguraldiaren eta dagoen sikutearen arabera bazterrak su hartzeko egon daitekeen arriskua ebaluatzen dute Foru Aldundian eta eurek erabakitzen dute retena osatu behar den edo ez. “Normalean arratsalderako zitatzen gaituzte eta, orain, gauerdira arte-edo ibiltzen gara”. Suteetan, retena osatzerako basozaina joana izaten da normalean arrisku puntura eta haren aginduetara ibiltzen dira boluntarioak.