Eñaut Izagirrek National Geographic-en babesa jaso duen Incognita Patagonia espedizioan hartuko du parte

Barren.eus 2015ko urr. 14a, 15:34

Txileko Patagoniako Hoste uhartean esplorazioa, eskalada, bertako glaziarren gaur egungo ezaguera eta kartografia, zein ikerketa historikoa uztartzen dituen proiektua da Incognita Patagonia. Lau lagunek hartuko dute parte espedizioan, tartean Eñaut Izagirre elgoibartarrak. Espedizioak The National Geographic Society elkarte prestigiotsuak eskaintzen duen Young Explorers Grant beka jaso du eta baita Joxe Takolo beka ere.

Eñaut Izagirre eta Ibai Rico euskaldunek, Evan Miles estatubatuarrak eta Rodrigo Bahamondez txiletarrak hartuko dute parte Incognita Patagonia Exploring the last Patagonian Icefield izeneko esplorazio espedizioan. Hego Amerikako hego muturrean (Hoste uhartearen mendebaldeko ertzean) dagoen Cloue izotz-eremua (Antartika salbu, lur planetan hegoalderen dagoen izotz-eremua: 55º10’ H – 69º43’ M) esploratu eta zeharkatzea dute helburu. Izagirreren berbetan, Patagonian oraindik burutu gabe gelditzen den abentura erronka deigarrietako bat da, ezezaguna den eremu zabal baten bihotzean. Izan ere, munduko leku bakartuenetakoa eta ezezagunenetakoa da. Inork zapaldu gabeko glaziarrak zapalduko dituzte, eta inork igo gabeko mendiak igo. Egindako neurketa eta hartutako datuekin, eskualdeko “kalitate oneko” mapa bat osatu nahi dute. 2016ko martxoa eta apirila bitartean egin asmo dute, eta aurreikusten dute 40 egun inguruko espedizioa izango dela.

Hoste uhartera iristeko belaontzian egingo dute gerturaketa, mendebaldeko kostaldean “kanpaleku nagusi seguru eta egonkor” bat jarrita. Ondoren, talde batek izotz-eremua zeharkatzeari eta eskaladari ekiten dion bitartean, besteak penintsula hau zizelkatzen duten fiordo eta glaziar aurrealdeen esplorazioa abiatuko du kayaken laguntzarekin.

2015 10 14 incognita patagonia MarinelliFiordoan kayak

• Young Explorers Grant beka
Bi beka garrantzitsu jaso ditu Incognita Patagonia espedizioak. Batetik, The National Geographic Society elkarte prestigiotsuak esploratzaile gazteei laguntzeko eskaintzen duen Young Explorers Grants beka jaso dute. Bekari esker jasoko duten diru laguntzaz gainera (5.000 dolar), oihartzun mediatiko handia izan dezaketela uste dute espedizio kideek, National Geographic Society bezalako elkarte ezagun batek eskainiko dien babes eta laguntzagatik. “Alde batetik, multimedia material gehiena elkarte honek dituen hedabide ezberdinen eskuetan utziko dugu, kalitate oneko eta balio jakin batzuekin lotutako materiala osatuz. Bestetik, Bilboko Mendi Film Festival ospetsuarekin elkarlanean arituko gara gure proiektua bultzatu eta Festibalari euskal kutsuko jarduerak eskainiz. Azkenik, kirol jardueraz gain zientzia ere egingo dugunez, entitate akademiko eta zientifikoekin ere izango dugu harremana, hitzaldiak eman eta proiektu berriak aurrera ateratzeko aukerak zabaltzeko asmotan”.

2014 urteko Joxe Takolo beka ere jaso du espedizioak. 3.000 euroko diru laguntza ematen dute Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak. 2001ean hasi ziren beka ematen, mendiarekin zerikusia duten proiektuak laguntzeko. Incognita Patagonia espedizioak 25.000 dolar amerikar inguruko aurrekontua izango du osotara.

 

2015 10 13 eautizagirreEñaut Izagirre Estibaritz (Elgoibar, 1990): Txikitatik etxeko mendizaletasunean hezi ostean, azken urteetan mendi-eskian ere aritu da sarri Pirinioeetako, Alpeetako eta Norvegiako mendietan. EHUn Geografian lizentziatu eta gero, azken bi urteetan Punta Arenas (Patagonia txiletarra) izan du bizileku. Han, Glaziologiako Master bat ikasteaz gain, Magallanesko Unibertsitatean lanean aritu da. Dozena bat espedizio egin ditu, kayak, belaontzi eta glaziar ekintzetan parte hartuz, Patagoniako fiordo eta mendietan zehar, batez ere, Darwin Mendikatean. 2015eko Apirilean igo gabeko gailur bat egin zuen bere espedizio-kideekin batera Marinelli glaziar handian ikerketa zientifikoak egiten ari zirela.

Pirinioetako glaziarrak ikertzen
Patagoniako espedizioa prestatzeaz gainera, Pirinioetako glaziarrak ikertzen ere badihardu Eñaut Izagirrek, CSICeren parte den Instituto Pirenaico de Ecologia (IPE) eta EHUko ikerlari den Ibai Ricorekin batera. Joan den irailean, esaterako, neurketak egiten aritu ziren Monte Perdido mendiko glaziarretan. Glaziarrei eskanerrak, radarrak eta izotz gaineko neurketak egiten dizkiete, aldaketarik izan den ikusteko. Datu horiekin, glaziar horiek hobeto ulertzen dituzte, eta ikusten dute glaziarrak nolako erantzuna ematen ari zaizkion klima aldaketari.

 2015 10 13 eautizagirre monteperdido

2015 10 14 incognita patagonia monte perdidoko glaziarra

2015 10 14 incognita patagonia MarinelliGlaziarrarekin

2015 10 14 incognita patagonia darwin mendikatean

2015 10 13 eautizagirre incognita patagonia

2015 10 13 eautizagirre incognita patagonia hoste