"Sallobenteko sekretuak" ibilbidea moztuta dago pinuak ateratzeko lanengatik

Barren.eus 2021ko ots. 1a, 13:57

 Elgoibarko Udalak jakinatazi duenez, "Sallobenteko sekretuak" ibilbideko zati bat itxita dago oinezkoentzako, inguru horretan pinuak ateratzen egiten ari diren lanengatik.

Basartesoroeta baserritik Sallobente ermitarainoko bide zatia dela erabili ezin dena zehaztu dute Udaletik, eta egoera konpontzeko lanean ari direla gaineratu dute.

Elgoibar inguratzen duten mendi eta bazterretaz gozatzeko bi ibilbide markatu ditugu 2006az geroztik Elgoibarren: “Sallobenteko Sekretuak” (PR-Gi 156) eta “Elgoibarko Itzulia” (PR-Gi 157) ibilbideak, hain zuzen ere. PR izkiek ibilbide motza (Pequeño Recorrido) esan nahi dute eta marra txuri eta horiak jarraituz osatzen dira. Bi ibilbideok Morkaikok, Udalak eta Debegesak elkarlanean prestatu zituzten.
Sallobenteko Sekretuak ibilbidea bizpahiru ordutan egiteko moduko 11 kilometroko txango erosoa da, eta baserri giroari eutsi dioten bi auzo bisitatzen dira: Sallobente/Ermuaran eta Azkue. Honez gain, ibilbide honetan Elgoibarrek bere bilakaeran gorde dituen elementu ezkutu edo ez hain ezagunak nabarmendu nahi izan dira. Hartarako, lau interpretazio mahai daude ibilbidean barrena.
Herriko mugetatik irten ezin garen honetan herriko bazter ezezagunagoak ezagutzeko aukera ematen dute ibilbideok.

2021 02 01 sallobente sekretuak itxita pinuak mapa elgoibar udala

2021 04 03 sallobente sekretuak panela