Besterik

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

Jakinminak saria ekarri dio Enekoitz Lazarobaster mendaroarrari. Eta ez edonolakoa, gainera: 150 euro dirutan eta Angiozarko jatetxe batean bi lagunentzako otordua irabazi ditu, modu benetan bitxian. Angiozarren ohitura dute urtero-urtero San Migel zaindariaren irudira egindako panpina zeruratzekoa, eta aurten Itziarren amaitu du bere hegaldia, pinadi batean, sastraka artean kateatuta, eta Enekoitz Lazarobaster mendaroarrak lagundu dio lurreratzen. Panpina bere eskuetara nola heldu den kontatu digu.

Enekoitz Lazarobasterrek dioenez, ezustekoa izan da, “ezusteko bikaina” panpina topatzea. “Adiskide fina” egin du dagoeneko panpina, eta aitortu du pena ere ematen diola entregatzeak, baina egiten duenerako prest dute Angiozarren ordaina eta ez dago hari ihes egiten uzteko prest.

• 25 urteko tradizioa 

Jose Angel Mikeo Angiozarko auzo alkatea da, eta berak eman dizkigu kontu honen gaineko azalpenak. Irailaren 29an, 20:00etan zeruratu zuten San Migel eta handik hamabi bat ordura jaso ei zuen Enekoitz Lazarobasterren deia –Gehienetan hilabete batzuetara izan ohi da–. Berak argitu du Angiozar auzoa ezagutarazteko helburuz hasi zirela San Migelen irudira egindako panpina zeruratzen, orain 25 urte, eta ordutik, hiru-lau urtetan ez beste guztietan ekarri dietela bueltan. Ez du, hala ere, beti bidaia bera egin izan. “Haizearen arabera, batera edo bestera egiten du, eta haizearen indarraren arabera, bide motzagoa edo luzeagoa. Gehienetan, hori bai, Iparraldera egin izan du, urri buelta honetan sarri egiten duelako hego haizea hemen”. Eta Iparraldera eginda, jakina, itsasoan amaitzen du sarri auzoko zaindariaren irudiak. Iaz bertan, esaterako. Getariako arrantzale batek aurkitu zuen itsasoan. “Sarri topatu izan dute arrantzaleek”, esan du Mikeok. 

Helioz betetako zortzi-bederatzi bat puxikari lotuta zeruratu izan dute, haizearen arabera hori ere, eta aireratzeak berak ikusmin handia sortu ohi du Angiozarren, batez ere gaztetxoenen artean. “Auzoko haur guztiak sartzen dira plazan sokari helduta, eta jaien bukaerako ekitaldi nagusia izaten da”. Angiozarko mezua ahalik eta urrutien iristeko, komeni izaten da haize indartsua izatea zeruratzeko orduan, globoek aguro egin dezaten gorako bidea, lehertu aurretik. Eta egin du, bai, urrutira ere San Migelek, baita Euskal Herritik kanpora ere. Akitaniako Tolosaraino iritsi zen behin, eta Leongo (Espainia) Riaño herriko urtegi ertzean lurreratu zen beste behin, Europako mendien gainetik hegan eginda. Aurten gure gainetik egin du hegan, Itziarreraino. Bide motza, beste batzuetan egin ohi duenarekin alderatuta. “Aurtengo panpina sinplegoa izan da, hegorik gabea. Normalean beti jartzen dizkiogu, baina aurten ez”. Lazarobasterrek eskertuko zuen honezkero hegorik gabea izatea aurtengoa. 

2015 10 09 angiozarko sanmigel goiena

2015 10 09 angiozarko sanmigel hegan goiena2

2015 10 09 angiozarko sanmigel itziarren

2015 10 09 enekoitz lazarobaster sanmigel

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza