Urruzunoko zabortegia erabat ixteko lanak maiatzean hasiko dituzte

Barren.eus 2021ko urt. 14a, 13:59

Urruzuno zabortegi zaharreko 2. gunea behin betiko ixteko eta ondoren ingurumena berreskuratzeko obrak kontratatzeko prozesua abiaraztea onartu zuen abenduan Debabarreneko Mankomunitateak, eta 1.507.556 euroko lizitazio- aurrekontuarekin atera du lehiaketara.

Behin betiko obra maiatzean hastea espero dute arduradunek, eta, ondo bidean, sei hilabeteko iraupena izango duela iragarri dute. Eremu hori zigilatuta, zabortegia erabat itxiko da, 1. gunea 2013an itxi baitzen. Obrak hasi aurretik egin beharreko lanak amaitu dituzte dagoeneko, eta orain bi prozesu kontratatuko dituzte: alde batetik, obra zuzentzea eta geosintetikoen kontrola, eta, bestetik, obra bera egitea. 129.205 eurokoa izango da obra zuzendaritzarako eta geosintetikoen kontrolerako lizitazioa, eta 1.378.350,50 eurokoa obretarakoa. Behin obra bukatuta, Mankomunitatearen materialen biltegi gisa erabili nahi dute gune hori: edukiontziak, makina-garbitzaileak... gordetzeko.

Debabarrena Mankomunitateko lehendakari Iosu Arraizek zabortegian bertan eman ditu egin asmo dituzten lanen berri gaur goizean. “Debabarrena eskualdean jasangarritasunaren alde lan egiten jarraitzen dugu eta Urruzunoko zabortegia kontrol neurri guztiekin itxiko da, eta eremua berreskuratu. Zabortegia zigilatzeak, ixteak eta ingurua berreskuratzeak amaiera ematen dio gure eskualdeko hiri-hondakinen zabortegien aroari. Hurrengo urteetan birziklapenean aurrera-pausuak ematen jarraituko dugu herritarrekin batera, eta birziklagarria ez den hondakina Zubietan kokatutako Gipuzkoako Hondakinen Gunera bideratuko dira. %70eko tasa da jomuga, eta gero eta hondakin ez-berziklagarri gutxiago sortzen dugu”, adierazi du.
80ko hamarkadan hasi ziren eskualdeko hondakinen zati bat Aranbeltz errekaren ibarbidean uzten. 2001ean 1. gunea bete zenean, zabortegia handitu eta hondakinak botatzen jarraitu zen, kasu honetan hondakin geldoak, 2006ra arte. Ordutik hona, egoera asko aldatu dela jakinarazi dute mankomunitateko arduradunek: "eskualdeko gaikako bilketa-tasa nabarmen handitu da %55era iritsi arte, eta gainerakoa Zubietako ingurumen-gunera eramaten da". Bertan, tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioetan ahal dena aprobetxatzen da, eta gainerakoa balorizazio energetikoko intalazioetan tratatzen da.

2021 01 14 urruzuno zabortegia zigilatzea behinbetiko mankonunitatea iosuarraiz

2021 01 14 urruzuno zabortegia behinbetiko itxi

2021 01 14 urruzuno zabortegia zigilatzea behinbetiko mankomunitatea gasak 4

2021 01 14 urruzuno zabortegia zigilatzea behinbetiko mankomunitatea gasak gasak2

2021 01 14 urruzuno zabortegia zigilatzea behinbetiko mankomunitatea gasak3

∞Lotura duten albisteak: