Negu gordineko eguraldia eta prezipitazioak elur moduan iragarri dituzte astebururako

Barren.eus 2021ko urt. 8a, 15:12

Gaurko eta datozen egunetarako abisu horia ezarri du Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak elurragatik eta muturreko tenperatura baxuak/izotzagatik. Gaur zero azpiko tenperaturak eta izotza izan dira, eta bihar elur kota 0-200 metro artean izango da, baita igande goizaldean eta igande gauean ere.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, "Negu gordineko eguraldia" eta prezipitazioak elur moduan izango dira ia denean zapatuan, urtarrilaren 9an. Elur-kota 0-200 m artean izatea aurreikusten dute eta 5 zentrimetrora arteko lodiera hartzea jausiko den elurrak. "Prezipitazioa hegoaldetik iritsiko da eta goizean zehar, elurra iparralderantz hedatuz joango da eta eguerditik aurrera prezipitazioa ia denera iritsiko da eta ugariagoa izango da, batez ere barnealdean; litekeena da kostaldean ere elurra egitea, bereziki Gipuzkoan. Giroa oso hotza izango da eta ipar-ekialdeko haizea bizi-bizi ibiliko da haizeguneetan, eta honek are gehiago gordinduko du egoera".

Mendigainek zurituta daramatzate egun batzuk, gaur ordea herriguneak ere zuritu dira, izotzaren eraginez oraingoan. Elgoibarko eta Mendaroko herrigune inguruetako zelaiak eta autoak zuriz esnatu dira zero azpiko tenperaturen ondorioz.
Biharko 06:00etatik gauerdira arte ezarri dute abisu horia. 0-200 metro artean kokatuko da elur kota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Ingurumen Sailaren arabera. Lodierari dagokionez, 1.000 metroko nahiz 600 metroko altueretan 0-15 zentimetro artekoa izango dela aurreikusi dute, eta 0-5 zentimetro artekoa 200 metroko altueran.
Domekarako ere abisu horiak ezarri dituzte. Abisu Horia muturreko tenperatura baxuak/izotzagatik 00etatik 24etara. Barnealdean izotz txiki-handia egingo du. Kostaldeko zenbait tokitan izotz txikia egin dezake, bereziki Gipuzkoan. Egunaren erdiko orduetan izotza mendi inguruetan egingo du.
Abisu Horia elurragatik 00etatik 24etara. 200 metro inguruan izango da elur kota goizaldean, baina 300-500 metrora igoko da eguerdian. Gauean berriro egingo du behera kotak, 200 metrotara, goizaldean bezala. Elurraren lodiera, ordea, larunbatekoa baino txikiagoa izango da igandean: 0-6 zentimetro artekoa 1.000 metroko eta 600 metroko altueretan, eta 0-2 zentimetro artekoa 200 metroko altueran.

 • Hainbat landa bide itxita

Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrei eskatu diete "derrigorrezkoa ez bada" ibilgailurik ez hartzeko asteburuan. Gainera, hainbat landa bide bertako bizilagunentzat eta larrialdi kasuetarako bakarrik egongo dira zabalik elurrarengatik. Joan zen Errege Egunean ere, jai eguna izanik, herritar ugari igo ziren mendira, baina askok ezin izan zuten autoz ohiko lekuetaraino ailegatu. Esate baterako, Azkarateko bidegurutzetik Madarixagako bidea itxi zuen Ertzaintzak, aparkatzeko toki guztiak bete zirenean. Oraingoan ere itxita egongo dira Madariagako landa bideak. Horietan norabide bakarrean joan daiteke soilik, eta Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, "ez dago tokirik" bi ibilgailu elkar gurutzatzeko edo atzera-martxa egiteko.

2021 01 08 izotza elgoibar astoak altzola

2021 01 08 izotza elgoibar ardiak

2021 01 08 izotza elgoibar ardiak 2