‘Irratia plazara!’ izeneko ekitaldia antolatu dute irratizaleek domekarako

Barren.eus 2015ko urr. 1a, 10:05

‘Irratia plazara’ izeneko ekitaldia antolatu dute domekarako GARE, EA2RKW eta URE Deba irratizale elkarteek. Irrati zahar eta berriekin erakustaldiak egingo dituzte Kalegoen plazan, era guztietako antenak erabiliz. Era berean, Deba bailarako irratizaleentzako topaketa izango da. 

Elgoibarren irratizaletasuna sustatzeko sortu zuten GARE irratizale elkartea, 1992an. Gaur egun ere helburu horrekin jarraitzen dute, eta ‘Irratia plazara’ izeneko erakustaldia antolatu dute domekarako (urriak 4), EA2RKW eta URE Deba irratizale elkarteekin elkarlanean. 10:00etatik 14:00etara bitartean Kalegoen plazan arituko dira irrati aktibazioak eginez eta gerturatzen direnei erabiltzen dituzten aparailuen berri emanez. Irrati zahar zein berriak erabiliko dituzte eta era guztietako antenak: Diplomo eta Yagui erakoak, bertikalak, eramangarriak, e.a. Horiekin, egin daitezkeen transmisio mota ezberdinen erakustaldiak egingo dituzte. Kontakturako frekuentzia bat egongo dela ere jakinarazi dute antolatzaileek, 145.475 FM frekuentzia, hain justu ere. 

Deba bailarako irratizaleen topaketa

Deba bailarako irratizaleen topaketa ere egingo dute domekan Elgoibarren. Bazkideek zein bazkide ez direnek hartu ahal izango dute parte. QSL txartelak banatu, udako esperientziak elkartrukatu eta afizioari buruzko iritziak elkarbanatzeko gunea izango da Kalegoen plazan egingo duten topaketa. 

2015 10 01 gare irratia