Urruzunoko zabortegiko lurpeko gasak aztertzeko bost putzu zulatu ditu Mankomunitateak

Barren.eus 2020ko urr. 2a, 09:51

Debabarrena Mankomunitateak Urruzunoko zabortegi zaharreko bigarren gunea zigilatu eta bertako ingurumena berreskuratu nahi ditu. Horretarako, baina, zabortegiaren lurpeko gasak aztertu behar dituzte aurrez, eta horretan dihardute.

Mankomunitateko arduradunek azaldu dutenez, zabortegiaren eremu horretan, Elgoibarko Albitzuri industrialdearen ondoan, "hondakin industrial geldoak" laga zituzten 2001 eta 2006 urteen bitartean. Hori dela-eta, gune hori zigilatzeko prozesuan zabortegia egon zen lurpeko zatian egon daitezkeen gasak bildu eta ezabatzeko sare bat izatea beharrezkoa da, Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Baimen Bateratuan adierazitako baldintzak betez. 

Mankomunitateak 8 eta 12 metro arteko eta 350mm-ko diametroko bost zulaketa egin ditu, kanpai itxurako hodiak instalatzeko. Hodi horiek ondoren gasen analisiak egiteko erabiliko dituzte. Bost zulaketetan instalatutako hodiak 1,70 metroko luzera dute goraka, "ingurumen-baimen integratuan aurreikusitako zigilatze-sekuentzia ahalbidetzeko".
Zehaztu dutenez, urrian kontratatuko dute gasen analisiak egiteaz arduratuko den enpresa, 2006ra arte isuritako hondakinen deskonposizioan sortu diren gasak zehatz-mehatz ezagutzeko. Dauden gasak eta horien kontzentrazioak ezagutu ondoren, horiek erauzteko dagoen teknikarik onena baloratuko dute. Bost putzuak zulatzeaz gain, Mankomunitatea beste lan batzuk ere egiten ari da zabortegi zaharra zigilatzeko: lurzoruaren aurretiazko txostena, Ingurumena Zaintzeko Programaren testu bateratua eta Balantze Hidrikoa egiten ari da. Azterlan horiek guztiak Urruzuno zigilatu eta bertako ingurumena berreskuratu aurreko lanak direla azaldu dute.