Deba ibaira egindako balizko isurketen inguruan azalpenak eskatu ditu EH Bilduk

Barren.eus 2020ko ira. 7a, 17:59

Elgoibarko EH Bilduk jakitera eman duenez "oso kezkatuta" daude Deba ibaian bitsa agertu delako joan den asteburuan. Ez dela bitsa agertzen den lehen aldia gogora ekartzeaz batera salatu dute berriro ere agerian geratu dela arazo honi behin betiko konponbidea emateko dagoen borondate edo gaitasun falta.

Azken isurketa honen zergatia eta jatorria ezagutzea eta elgoibartarrei azaltzea eskatuko die EH Bilduk agintariei, bereziki Elgoibarko Udal Gobernuari. Era berean, ur zikinen arazketa arazoak behingoz konpontzeko eskatuko dio ezker subiranistak udal gobernuari.

"Elgoibarko EH Bildun oso kezkatuta gaude aspalditik ingurumenarengatik. Uste dugu gure esku dagoela gure ingurua zaintzea eta horretarako lanerako prestutasuna azaldu dugu beti. Zentzu horretan, adierazpen instituzionalak utzi eta ekintza zehatzak garatu behar ditugu, eremu lokaletik, globalean eragiteko. Alferrik da aldaketa klimatikoaren aurkako deklarazioak egitea, bertako ingurua zaintzen ez badugu", adierazi dute zabaldu duten oharrean.
Aspalditik daudela Deba ibaiaren egoerarekin kezkatuta azpimarratu dute. "Alde horretatik, duela hainbat hilabete hainbat galdera eta eskaera egin genizkien ibaiaren uraren kalitatea zaintzeko ardura duten erakundeei (Udala, Foru Aldundia, Jaurlaritza, Gipuzkoako Urakā€¦), baina ez dugu erantzunik jaso oraindik, edota jasotako erantzunak lausoak izan dira, egoera argitzeko inolako borondaterik ez zeukana. Deba ibaiaren egoeraren inguruko ardura eta kezka maila noraino heltzen den ere adieraz dezake horrek", diote.
Elgoibarren Deba ibaiari bizkarra emanda bizi garela uste dute eta hori arazo handia dela. "Uste dugu Deba ibaiari arreta jarri behar diogula. Azken egunotan, adibidez, isurketak eta bitsa ikusi ahal izan ditugu Deba ibaian, eta horren arrazoia zein den jakin behar dugu".
Elgoibarko EH Bilduko arduradunek diote aspaldi salatu zutela isurketen gaia eta Mendaroko uren arazketa eza, baina baita ere Elgoibarko industrialde batzuetan ur zikinak zuzenean errekara jaurtitzen direla, arazo horri konponbidea jartzeko eskatuz. Gipuzkoako Urak erakundeari eginiko eskaerek erantzunik ez dutela jaso diote, eta haien sentsibilizate eza deitoratu.
"Orain da unea erabakiak hartzeko, berandu izan ez dadin eta atzera bueltarik ez daukaten ondorioak izan ez ditzagun. Beraz, Elgoibarko udal gobernuari eskatuko diogu, berriro ere, pausoak eman ditzala Elgoibarko ur zikinen arazketa arazoak konpontzeko, eta azalpenak eman ditzala orain ikusitako balizko isuriaren inguruan", adierazi dute.

*Argazkiak: Elgoibarko EHBildu.

2020 09 07 bitsa deba ibaia ehbildu elgoibar

2020 09 07 bitsa deba ibaia ehbildu elgoibar v1