Haizeak zuhaitza bota du King-Kong zubi ondoan

Barren.eus 2015ko ira. 16a, 12:28

Ziklogenesi lehekorrak gogor astindu ditu Euskal Herriko hainbat bazter, eta Elgoibarrera ere ailegatu dira haize ufada handiak. Horietako batek King-Kong zubi ondoko zuhaitz bat bota du. Elgoibar eta Mendaro arteko trenbide gainera ere erori da beste zuhaitz bat eta tren zerbitzua eten behar izan dute goizean. 

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Henri ekaitz tropikalaren arrastoak heldu dira Penintsulako ipar-ekialdera, eta ziklogenesi leherkorra delako fenomenoa sorrarazi dute. Haize ufada gogorrak Euskal Herriraino ere iritsi dira eta kalte handirik eragin ez badute ere, zuhaitzak edo adarrak, bide-seinaleak, antenak, aldamioak edo fatxada zatiak bota ditu haizeak hainbat lekutan.

Elgoibarren zuhaitz bat lurrera erori da haize bolada indartsuen eraginez. Zorionez, Deba ibaira erori da eta ez du kalterik eragin. Deba ibaiaren ertz batean landatutako zuhaitzetako bat izan da haizeak bota duena. Hain zuzen ere, errenkada berean, beste zuhaitz bat bota zuen haizeak orain dela hilabete batzuk. Dirudienez, gaixorik edo erdi ustelduta daude zuhaitzetako batzuk. 

•Zuhaitza trenbide gainera

Haize ufaden ondorioz beste zuhaitz bat erori da gaur goizean, 07:00ak inguruan, Elgoibar eta Mendaro arteko trenbide gainera. Zuhaitza kentzeko lanek iraun duten bitartean, Euskotrenek bidaiariak garraiatzeko autobus zerbitzua jarri du abian. 8:00ak ingururako berrezarri dute tren zerbitzua.

2015 09 16 haizeak zuhaitza bota5

2015 09 16 haizeak zuhaitza bota4

2015 09 16 haizeak zuhaitza bota2