Deba ibaiak egoera ekologiko eta kimiko "ona" du

Barren.eus 2020ko uzt. 5a, 11:26

Uraren Euskal Agentziak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ur masak aztertu ditu eta kostaldeko ur gisa katalogatutako 14 estuarioetako 9k eta 4 kosta ur-masek egoera ona edo potentzial ekologikoa lortu dute, horien artean Deba ibaiak eta honen estuarioak.

Besteak beste, ibaiak, trantsizioko urak, kostaldeko urak zein hezeguneak aztertu ditu Ura agentziak, eta 2019ko kanpainaren txostena argitaratu berri du azterketako emaitzekin. Azterlanek atzeman dute 18 ur-masetatik 5ek ez dutela egoera ekologiko ona lortzen (barneko Okan egoera txarra da, eta moderatua Barbadun, Lea, Artibai eta Oiartzunen). 

Guztira 10 ur-masa sailkatzen dira egoera edo potentzial ekologiko onean, eta horien artean da Debako tarteko ur masa, Butroe, Oka kanpoaldea, Urola, Oria eta Bidasoakoekin batera. Oso aldatuta gisa katalogatutako hiru ur-masak (Nerbioi barrualdea, Nerbioi kanpoaldea eta Urumea) eta kostaldeko urmasa batek (Getaria-Higer) ere egoera edo potentzial ekologiko ona dute.
Deba ibaiaren egoera eskasagoa zen orain urte gutxira arte. 2016an, esaterako, egoera kimiko eskasa zuten ibaiko urek.

 • "Hobekuntza handia" 1995etik ona
Uraren egoera ekologikoak azaleko uren (ibaia, estuarioak, hezeguneak…) ur-ekosistemen egituraren eta funtzionamenduaren kalitatea adierazten du, eta Ura agentziak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ur-masen jarraipen programa egin du. Programa horren barruan, besteak beste, ibaiak, trantsizioko urak, kostaldeko urak, lakuak eta hezeguneak aztertu ditu agentziak, baita lurpeko uren eta eremu babestuak ere, eta estuario guztien egoera biltzen duen txostena argitaratu du.
Ura agentziaren arabera, kostaldeko eta trantsizioko ur-masek “hobekuntza handia” izan dute 1995. urtetik hona, "aztertutako aldagai eta elementu biologiko eta kimiko askotatik abiatuta frogatzen den bezala", eta hori, arroetako, estuarioetako nahiz kostaldeko eremuetako “saneamendu neurrien ondorioz” gertatu dela nabarmendu dute.
Hala ere, oraindik badira osatu gabeko saneamenduaren ondorioz presio esanguratsuak dituzten masak, non egoera onaren helburua lortu ez den oraindik. Gainerakoetan, egoera ona lortzen ez denean, kutsadura-egoera kroniko baten ondorio da batez ere (Nerbioin edo Oiartzunen, adibidez).

2020 06 27 deba ibaia elgoibar berde bizia algak zubitik

2020 07 01 deba ibaia berde bizi kolorea elgoibar

2020 06 27 deba ibaia elgoibar berde bizia ahatea