Irauleko orratzera igo dira eskalatzaile elgoibartarrak

Barren.eus 2020ko eka. 29a, 14:14

Duela 65 urte eskalatu zuten aurrenekoz Irauleko orratza, Aizkorri mendikatean. Konfinamenduan izan zuten igoera horren berri Joseba Elustondo eta Jon Garate eskalatzaile elgoibartarrek, eta Miren Zubeldiarekin batera igo zuten gero. Zabaldu dituzten argazki ikusgarriek oihartzuna izan dute, eta Euskal Telebistan ere eman dute ekimenaren berri.

 Hiru eskalatzaileek pandemia betean, konfinamenduaren gogorrenean, izan zuten Irauleko ipar horman dagoen orratzera eginiko lehen igoeren berri; Pyrenaica aldizkariko kronika zahar bati esker, hain zuzen ere. "Idearik ez nuen etxe ondoan Dolomitetan gaudela ematen duen orratz bat geneukanik", dio Miren Zubeldiak. 1955eko apirilaren 8an zapaldu zuten aurrenekoz Orratzaren gaina Club Deportibo Eibar taldeko hiru mendizalek: J. San Martin, I. Larreategi eta P. Agirregomezkorta. Teknika berezia erabili zuten igoera gauzatzeko, tirolina moduko bat. Handik hilabetera, 1955eko maiatzaren 22an, egin zuten behetik gorako estreinako eskalada Donostiako Hamaikak-Bat taldeko Lausarreta eta Domecq mendizaleek, artikuluan jasota dagoenez.

•Bi igoera
Eskaladako aitzindari haien balentrien berri izan ostean, "kuriositateak jota" gerturatu ziren orratza dagoen lekuraino Jon Garate, Miren Zubeldia eta Joseba Elustondo, joan den maiatzaren 31n. "Beste gauza batzuen artean, hilabete zoro hauek etxetik gertu ezohiko bazterretan abentura gosea asetzeko grina piztu digute askori", dio Garatek. "Garaiko idatzien arabera, 'Iraule'ko Ortz'ean eskalada librea ezinezkoa zen lehen metroak igaro ondoren helduleku eskasia zela eta, hortik aurrera teknika artifiziala erabiltzera behartuz. Garai bateko iltze zaharrak eta gaur egungo materiala erabilita, luze batean eta teknika librea erabilita bere gailurrera bidea erdiestea lortu genuen", azaldu du. Baina ez ziren igotearekin bakarrik konformatu. Orratzaren kokapena kontuan hartuta, egunsentiko lehen argi izpiekin igoera errepikatzea "interesgarria" izango zela pentsatu zuten eta asmo horrekin joan ziren berriro ere ekainaren 20an, Xabi Smithy Mujika, Asier Izagirre eta Leku lagun zituztela oraingoan, Aizkorriko tontor eta magalen kronista eta zaindariak hirurak. Ilunabarrean laga zuten soka finkatuta. Iraule (1.507 metro) mendiko tontorrean vivac "gogoangarri" bat egin eta gero, egunsentiko "argi festa" probestu zuten igoera ahaztezinagoa izan zedin, eta atera zituzten argazkietan ere igarri da egunsentiko argiaren magia. Sare sozialen bidez zabaldu zituzten irudiek "sekulako arrabotsa" atera zuten, eta ezustean hartu zituen eskalatzaileak. Ainhoa Lendinez kazetari elgoibartarrak ere egin du Irauleko eskaladaren inguruko erreportajea Euskal Telebistarako. Hala, hainbat ikuspuntu uztartzen dituen mendi aktibitatea izan dela ondorioztatu dute, "pandemia, historia pixka bat, argazkilaritza eta guri gustatzen zaiguna, mendia".

"Ziurrenik ez ginen estilo librean igotzen lehenak izango, gutxi asko axola du horrek orain. Argi dagoena da askatasun berriari begira martxa hartzeko aparteko aukera izan dela. Eta Aizkorriko Gurutzerako bidetik bost minutu eskasera!", azaldu du Garatek.

2020 06 27 iraule orratza aizkorri jongarate

2020 06 27 iraule orratza eskalada pyrenaica artikulua