Irailaren 17tik 20ra egingo dute hirugarren SanloBerrFesta, Aita Agirre plazan

Barren.eus 2015ko ira. 9a, 11:08

Sanlo eskubaloi kirol-taldeak hirugarren SanloBerrFestaren egitaraua jakitera eman du. Irailaren 17an, eguena, egingo dute festa hartuko duen karparen irekiera ekitaldia. Aurreko urteetan ez bezala, karpa ez da Maalan egongo, Aita Agirre plazan baizik. Era berean, Sanlo eskubaloi kirol-taldeak Eskubaloi Eskolaren denboraldi hasierako bilera egingo du eguenean, hilaren 10ean. (egitaraua dauka)

SanloBeerFesta antolatu du Sanlo eskubaloi taldeak aurten ere, Munichen Oktoberfest jai ospetsua egingo duten sasoi berean –irailaren 17tik 20ra bitartean egingo dute-. Aurreko urteetan bezala, ukondoa, saltxitxak, patata purea, oilaskoa eta patata frijituak jateko aukera izango da karpa barruan, hainbat garagardo moetarekin batera.

Karparen irekiera ekitaldia irailaren 17an, 18:30ean, egingo dute. Pintxo potea egingo dute gero. Txistorra, ganbak plantxan edo muskuiluak plantxan dastatzeko aukera izango da. Gauean Dardara musika taldeak kontzertua eskainiko du (22:30). Garazi Ayesta eta Xabi Larrañaga elgoibartarrek osatzen dute Dardara. Kontzertu akustikoa eskainiko dute. 

Barixakuan (irailak 18) pintxo-potea eta Melissa an the Jacks taldeak eskainiko duen kontzertua izango dira ekintza nabarmenenak. Mutriku eta Zumaia arteko kideez osatutako musika taldeak iaz ere eman zuen kontzertua bigarren Sanloberrfestaren barruan. Brian Adams, Sting, The Police, Michael Jackson eta beste hainbat talderen bertsioak ekarriko dituzte Melissaren ahotsean.

Zapatuan (irailak 19) kirol-taldearen argazki ofiziala aterako dute Ikastolan eta eguerdian irekiko ditu ateak karpak. Sanloko jokalari beteranoen arteko partidak jokatuko dituzte goizean, eta gero elkarrekin bazkalduko dute. Gauean kontzertua eskainiko du A2an taldeak. Alfonso Guillo eta Gabik (Gabriel Agirregomezkorta) elgoibartarrek osatzen dute taldea. 

Azken egunean, hilaren 20an, paella jan erraldoia egingo dute. (ikus egitaraua hemen: sanlo.net)

•Eskubaloi Eskolaren bilera

Eskubaloi Eskolaren denboraldi hasierako bilera egingo dute eguenean, hilaren 10ean, Kultur Etxeko hitzaldi gelan (19:00). 2004 eta 2007 bitartean jaiotako neska-mutilek eman dezakete izena Eskubaloi Eskolan. Hortaz, adin tarte horretako gurasoei zuzendutako bilera da Sanlok eguenerako antolatu duena. Helburu nagusienetako bat ordutegiak finkatzea denez, seme-alaben ordutegia eramateko eskatu dute eskubaloi taldeko arduradunek, umeek libre dituzten orduak jakin ahal izateko. Eskubaloi Eskolan parte hartu ahal izateko bete beharreko izen-emate fitxak ere banatuko dituzte bileran.