Zeresana eman duen dinosauroa iragarki bat grabatzen aritu zen domekan Urazandin

Barren.eus 2020ko mai. 21a, 13:44

Dinosauroz mozorrotutako lagun bat ogia erosten ikusi zuten hainbat bizilagunek, joan den domeka eguerdian, Urazandi auzoan.

Dinosauroaren agerraldiak ezuztean harrapatu zituen auzotarrak, bai ondoko tabernako terrazan zeudenak eta baita zalaparta eta algarak entzutean balkoietara irten zirenak ere. Gainera, horietako batzuek grabatutako bideoak eta argazkiak bizkor asko zabaldu ziren sare sozialen bidez. Ekimenaren atzean daudenek zertan ari ziren argitu nahi izan dute orain. Publizitate lan baterako irudiak grabatzen aritu ziren, eta horretarako erabili zuten dinosauro mozorroa. Era berean, segurtasun neurriak aintzat hartuta aritu zirela lanean zehaztu dute. Hortaz, argituta misterioa.

Denis Saizek azaldu duenez, Urazandin bertan dagoen Kima Bioestetika zentroan grabatu zuten iragarkia, Sergio Nievas argazkilariak (@nievasphoto) ere zentro berean baitu estudioa. Nievasek argazkilaritza enpresa batekin dihardu elkarlanean, eta irudi kanpaina bat egin dute konfinamenduaren harira. Umeek konfinamenduan etxean jolasteko erakutsi duten irudimenari buruzko kanpaina, hain zuzen ere. "Nire iloba zen argazki batzuetako protagonista, eta dinosauroak izugarri maite dituenez, hortik sortu zen iragarkirako ideia", azaldu du Saizek.

"Jende askok galdetu digu zer demontre ari ginen egiten Urazandin, eta argitze aldera gure Instagrameko kontura (@veintiun13) igo dugu aurrerapen dibertigarri bat", esan du Sainzek. Grabaketa lanak bukatutakoan bazkal-ordua zela konturatu ziren eta ondoan dagoen okindegira mozorroa jantzita joatea pentsatu zuten.

Argazkiak: Nievas Photo.

2020 05 21 dinosaurioa urazandi publizitate kanpaina nievas photo v1

2020 05 21 dinosaurioa urazandi publizitate kanpaina nievas photo okindegian