Elizkizunak eta hileta zerbitzuak bertan behera utzi dituzte

Barren.eus 2020ko mar. 17a, 18:52

San Bartolome parrokiako elizkizun guztiak etetea erabaki dutela azaldu du Benantzio Otaegi parrokoak, larrialdi egoerak irauten duen bitartean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren gomendioz, etenda daude eliza ospakizunak. Tenpluetan jendetza pilatzea saihestu nahi dute neurriarekin; halere, zenbait orduz zabalik izango dira elizak fededunen otoitzetarako. Era berean, Gipuzkoako elizbarrutiak Youtuben duen kanalean zuzenean emango ditu egunero Munilla Gotzainak Donostiako katedralean gidatuko dituen mezak. 9:00etan hasiko dira (domeketan 18:00etan).

Hileta elizkizunetarako ere neurriak hartu dituzte, eta lagun gutxi batzuk baino ezingo dute parte hartu agur erlijiosoan. Hiletak atzeratu egingo dira edo senitartekoekin bakarrik ospatuko dira, gerorako utziz ospakizun publikoa. Benantzio Otaegi parrokoak argitu duenez, familiekin berba egin eta adostuko dute noiz egin hileta ospakizun publikoa, larrialdi-egoera amaitzen denean. "Horrelaxe egin dugu orain arte eduki ditugun hiletetan. Familiako gertukoenek bakarrik hartu dute parte, gorpua erretzea erabaki zuten batzuek eta beste batzuek Olasoko hilerrian ehorztea, baina batean zein bestean lagun gutxi batu ginen azken agurra ematera".