38 liztor-habia ezereztu zituzten iaz Elgoibarren eta lau Mendaron

Patxi Aizpitarte 2020ko ots. 13a, 12:34

Gipuzkoako Foru Aldundiak 845 liztor-habia deuseztatu zituen iaz, Asiako liztorraren aurkako kanpainan. Debabarrenean Debemen arduratu da habiak desaktibatzeaz eta 38 kendu zituzten Elgoibarren eta lau Mendaron. 2019an, aurreko urtean baino hiru gutxiago.

Elgoibarren 38 liztor-habia kendu zituzten 2019an, aurreko urtean baino hiru gutxiago, eta Mendaron lau, aurreko urtean bezalaxe.

Debemenetik jakinarazi dutenez, liztor asiarrek (Vespa velutina) batez ere eraikinetan egiten dituzte habiak, herrigunean zein baserrietan. Zuhaitzak aukeratzen dituztenean, berriz, intxaurrondoak aukeratzeko joera dutela igarri dute. Herritarrek udaltzaingoan eman behar dute abisu habiak ikustean, eta habiak deusezteko protokoloa martxan jarriko dute (ikus Gipuzkoako Foru Aldundiaren protokoloa -PDF-). Habiak desaktibatzeko sistema bat baino gehiago dagoen arren, Debabarrenean biozida pozoia erabiltzen dute gehienetan. Pertika luze bat erabiltzen dute habietara ailegatzeko eta barruan pozoia sartzeko. Batzuetan ez dituzte desaktibatuta gelditu diren habia horiek deusezten, eta zeuden lekuan lagatzen dituzte. Hori dela-eta, herritarren abisuak jasotzen jarraitzen dute.
  • Udaberrian hasiko dute kanpaina berria
Espezie inbaditzaile honen aurkako aurtengo kanpaina negua igarotakoan hasiko dute, Asiako liztorarren bizi zikloa berriro martxan jartzen denean, martxo aldera. Negua gainditu duten erreginak harrapatzeko tranpak jarriko dituzte lehenik, liztor hauei aurre egiteko unerik garrantzitsuena baita. Kanpaina abendura arte luzatuko da. Nekazal Ikerketa eta Garapenarako Euskal Erakundea (NEIKER) ari da ikertzen liztorren bilakaera, ugaltzen ala murrizten ari diren jakiteko, besteak beste. Gure eskualdean 2012an agertu ziren lehen habiak eta espezie inbaditzaile hau ugaritzen ari zela ikusita, 2013an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Debemenen (Debabarreneko Landa Garapenerako Elkartea) esku laga zuen habiak deuseztatzeko ardura.
Europara 2005. urte inguruan ailegatu zen Asiako liztorra, Bordeleko portura iritsitako egur sail batean, eta harrezgero Euskal Herriko zazpi herrialdeetara eta Europako zortzi herrialdetara hedatua dago. Adituek uste dute urtean 50 bat kilometro ari dela aurrera egiten, kontrolik gabe zabaltzen.

∞Lotura duten albisteak:

2020 02 13 liztor asiarra habia elgoibar 1