Kilo eta erditik gorako pisua duen tomate alea Zeleta baserrian

Barren.eus 2019ko uzt. 1a, 17:32

Gutxik jakingo dute tomateei buruz Anselmo Salazar Molik adina. 30 urte baino gehiago daramatza tomateak ereiten Zeleta baserrian, eta ofizioaz gainera afizioa, -eta batzuetan obsesioa-, ere bada berarentzat. Hala eta guztiz, bera ere harritzeko moduko gauzak gertatzen zaizkio oraindik, atzo bertan batu zuen 1.750 gramoko tomate alearekin topo egiteak, adibidez.

 "Oraindik harritu egiten naiz naturaren halako mirariak ikusita. Bizipoza ematen didate halako gauzek, tomate artean horrenbeste urte daramatzadan arren. Berde xamarra dago oraindik, baina ezin izan nion eutsi tomatea landaretik batzeko tentazioari", dio Molik. Aurtengo tomate uzta oso ona izaten ari dela aitortu du. Kilo bat baino gehiagoko pisua duten ale mordoxka batu ditu Zeleta baserriko negutegietan dituen tomate landareetatik. Handiena iruditu zitzaiona pisatu zuenean, 1.750 gramo markatu zuen biltegian duen baskula elektronikoak. Zeleta baserrian sekula batu duen bigarren tomate pisutsuena da, 2015. urtean jaso zuen tomate batek baitauka errekorra, 1.800 gramorekin. BARRENen ere eman genuen 1.300 gramoko ale bat jaso zuenekoaren berri, 2014. urtean. Handiak izateaz gainera, zapore onekoak direla nabarmendu du, ezaugarri bat eta bestea bateragarrak direla dio. "Eta ez da nik esaten dudalako, halaxe esaten didate probatu dituzten bezeroek".
 • Tokian tokiko tomate barietatea

Elgoibarren duela 100 urte ingurutik hona ereiten den tomate barietate bateko hazitik sortutako tomateak direla argitu du Molik, "Elgoibar bertako tomate barietatea".
Maiatza bukaeratik urte bukaerara bitartean lau tomate uzta ereiten eta lantzen ditu Molik, eta 30.000 eta 40.000 tomate kilo artean lortzen ditu. "Uzta batzuetan kilo gehiago batzen ditut, eta gutxiago besteetan, klimak, hezetasun mailak, argitasunak eta oro har naturak agintzen baitu, eta nik laborantza ziklo naturala errespetatzen dut beti. Natura eta uzta behartu gabe eta kimikorik erabili gabe, bere erritmoan hazten lagatzen diot tomateari".

∞Lotura duten albisteak:

2019 07 01 1750 gramo tomatea anselmo salazar zeleta 2 h

2019 07 01 1750 gramoko tomatea zeleta elgoibar anselmo salazar negutegian

2019 07 01 1750 gramoko tomatea zeleta elgoibar anselmo salazar mahaia

2019 07 01 1750 gramoko tomatea zeleta elgoibar anselmo saazar