Zati bat galdu zuen eraikina egonkortzeko lanak hasi dituzte

Barren.eus 2019ko eka. 29a, 19:39

Barixakuan zati bat galdu zuen eraikinaren teilatura igo dira gaur beharginak, eta teilaz teila hasi dira erortzeko arriskuan dauden eraikinaren zatiak kentzen, airean geratu den teilatu zatia eta San Bartolome kalera ematen duten hormak inguruko eraikinen gainera jausteko arriskua baitago.

Eraikinaren egoera aztertzen jardun dute bart gauean, zer egin erabakitzeko. Drone bat erabiltzea ere aztertu dute, kalteak gertutik ikusteko, baina baztertu egin dute aukera, eta garabietatik ikusitakoarekin erabaki dute lanak nola egin. 16:00etan garabi bat ailegatu da Kalegoen plazara, eta teilaturaino igo ditu hiru behargin. Garabira soka batekin lotuta zeudela jaitsi dira teilatura. Beste garabi handiago batek obra-hondakinak jasotzeko erabiltzen den edukiontzi handi bat igo du beharginen pareraino, eta bertara bota dituzte teilak lehenengo, eta teilen azpiko tejabana gero. Eskuz egin beharreko lana da, nekagarria eta motela. Txandaka aritu dira langileak. Bien bitartean, beste langile batzuek kalean aritu dira lanean, hormak egonkortzen. Kalegoen plaza itxita egon da, eta elizako arkupeetatik joan behar zen Lekueder parkerantz.

San Bartolome kaleko 2-4 eta 6 peoretako bizilagunek atzotik ezin dute etxean sartu, eta gaur 3. eta 5. peoretakoak ere etxetik atera arazi dituzte, euren segurtasuna bermatuta ez dagoela-eta. Atzo zati bat galdu zuen eraikinean zutik geratu diren hormak eta teilatua jausteko arriskua dagoen bitartean ezingo dira euren etxeetara bueltatu. Peora horietako bizilagun batek azaldu duenez, herritik kanpoan zela jakin zuen atzo gertatutakoaren berri. Gaur herrira ailegatu denetik kalean egin ditu ordu mordo bat, etxetik metro batzuetara baina sartu ezinik, etxera sartzeko baimena emango zioten itxaropenarekin. Aldatzeko arroparik ere ez zuela zioen. Ez da bakarra izan. Eraikina egonkortzeko lanei begira egon dira etxera sartu ezinda gelditu diren hainbat bizilagun, eta inguru horretan komertzioak dituzten lagunak ere bai. 

Lanei begira zegoen beste herritar bat Kalegoen plazan zegoen atzo arratsaldean, eraikinaren zati bat behera joan zen unean. Bere bizitzako unerik gogorrenak bizi zituela aitortu du, inguruan jolasean zebiltzan seme alabei zerbait gertatu zitzaiela izan baitzen burura etorri zitzaion lehen gauza. Bitan pentsatu gabe, San Bartolome kaletik zetorren hauts lainoan barneratu zen, aurrera egitea ezinezkoa zela segituan konturatu zen arren. "Orain, hotzean pentsatuta, ez dakit ideia onena izan zen, baina San Bartolome kalean dagoen gozodendara joan etorrian ibiltzen dira umeak, gureak ere bai... eta larritu egin nintzen. Une latzak izan ziren", esan du.

 

 ∞Lotura duten albisteak: