Jai Alaiko Jesus Mari Arrieta omendu zuen Mauxitxa txarangak

Barren.eus 2019ko eka. 21a, 12:18

50. mendeurrena ospatzeko prestatu duten egitaraua aurkeztu zuen atzo Mauxitxa txarangak. Ekitaldiaren amaieran Jai Alai tabernako Jesus Mari Arrietari ezusteko omenaldi txiki bat egin zioten. Opariak emateaz gainera, bertso bat abestu zioten Mauxitxako kideek.

Mauxitxa txaranga sortu zuten urte berean, 1970. urtean, hasi zen lanean Jesus Mari Arrieta Jai-Alai tabernan, 11 urterekin. Hala, Mauxitxak Txiki egunean egin dituen kalejira guztiak bizi izan ditu gertutik, Errosario kalearen amaieran baitago Jai-Alai, leku estrategikoan. "Beti portatu da primeran gurekin eta opari txiki bat egin nahi izan diogu biok 50 urte beteko ditugula-eta", azaldu dute Mauxitxatik. Urdaiazpiko bat oparitu zioten eta kamiseta bat ere. Mauxitxako kideek abestu zioten bertsoa idatzita daraman kamiseta, hain justu ere. Hona bertsoa:

Jai Alaiko Jesus Mari

zu zera gure zaindari,

Txarangako kamixeta

ta_urdaiazpiko opari.

 

Gu laister hasiko gera

ospatzen me[e]nde erdi,

urteaurren borobila

Elgoibartarron lokarri.

 

Zuk ere beste hainbeste,

hasi zenion lanari,

Errosarixo kaleko

ta plazako le(he)ndakari.

 

Zu gabe ez gera ezer,

eskerrak Jai Alaixari.

Urte askotarako ta,

zorionak Jesus Mari!

 

Doinua: Habanera (Xabier Lete)

2019 06 20 mauxitxa txaranga 50txiki aurkezpena elgoibar omenajia jaialai

2019 06 20 mauxitxa txaranga 50txiki aurkezpena elgoibar jaialai