BABESTUTAKO EDUKIA: Belaunaldi aldaketaren inguruan hausnartu dute Gure Lurra 2 jardunaldian

Barren.eus 2018ko aza. 27a, 09:46

 Lehen sektorea ogibide aukeratu duten bost gazteren testigantzekin eta Tony Nadal edo Alvaro Neil bezalako ahots ezagunekin egin zuten Gure Lurra Sembrando Futuro 2 jardunaldia, Kursaal jauregian.

Herritarren eta baserriko munduaren topagune gisa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko lehen sektoreko eragileek bultzatu duten Gure Lurra Sembrando Futuro 2 ekitaldia egin da; Tony Nadal eta Domingo Merinok lehen sektorean ekintzailetza eta bizimodu hori aukeratu duten gazteen motibazioak nabarmendu dituzte. Kursaal jauregian jarritako hitzorduari erantzun diote 500 herritar baino gehiagok eta bertan izan dira, baita ere, euskal erakundeetako hainbat ordezkari, tartean Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua, Ainhoa Aizpuru.
Lehen sektoreko eragileak lurraldeko landa ingurunearen etorkizunari buruz egiten ari diren parte-hartze prozesuaren barruan, hasi zuen iaz bere ibilaldia jardunaldi honek. Batez ere, lehen sektorea ikusgarri egiteko sortu da, sektore horrek Gipuzkoako gizartearen ongizateari eta Gipuzkoako paisaia eta natur ingurunea kontserbatzeari egiten dion ezinbesteko ekarpena aitortzeko xedez.
Aurten antolatzen den Gure Lurra 2 topagunean nekazaritza sektorean gazteen egoera eta belaunaldi aldaketa jorratu dira gehien bat. “Gipuzkoan nekazaritza sektoreak daukan erronkarik handienetarikoa belaunaldi aldaketa da, hau da, gazte berriak nekazaritza sektorean barneratzea. Horretarako, dudarik gabe, sektore honetako jarduerek errentagarritasuna badutela demostratu behar da, baserritik edo nekazaritza jardueratik bizimodu duin bat lor daitekeela”, adierazi du Markel Olanok. “Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du ulertzen XXI. mendeko Gipuzkoa bat nekazariza sektorerik gabe, paisaian, kulturan, gure idiosinkrasian, ekonomian...duen eraginarengatik, baina egia da horren arriskua badagoela”, gehitu du diputatu nagusiak.
Belunaldi aldaketa erronka nagusi izanik, 2004. urtean euskal administrazioek GAZTE PLANA izeneko ekimena martxan jarri zuten eta Euskal Autonomi Erkidegoak Europara aurkezten duen Landa Garapen Programan ere barneratu zen, Europako diru laguntzez baliatzeko. GAZTE PLAN hau Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien elkarlanaren bidez gauzatzen da eta oinarrian honetan datza: gazte batek (40 urte baino gutxiago) lehen sektorearekin zerikusia duen ideia edo asmoren bat badu eta gauzatu nahi badu, programa honek aukera ematen dio bost urtean bere ideia mamitu eta martxan jartzeko, horretarako monitorizazio eta tutorizazio dinamika baten barruan. Funtsean, bere ideia proiektu bihurtu, bideragarritasuna aztertu eta hala bada ejekutatzen laguntzen zaio. Horretarako, formatu eta monitorizatu egiten da bost urte horietan, eta Foru Aldundiak 70.000 eurotaraino iritxi daiteken “beka” moduko bat ematen dio gazteari.
2004. urtetik gaur arte, programa honetatik igaro eta sektorean instalatu diren gazteak 220 inguru izan dira. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero 800.000 euro inguruko aurrekontu bat zuzentzen du plan honetara eta batez beste urtero 20 gazte inguru sartzen dira.
Hain zuen ere, plan horri esker beraien enpresak abian jarri dituzten bost gazteren testigantzak entzun dira jardunaldian. Lehen sektorea ezagutzen zuten eta beraien gurasoen ogibidearekin jarraitzea aukeratu duten Leire Lizeaga eta Joxe Ramon Arsuagaren esperientziak edota hiriko etxea eta lana utzi eta baserrira joan eta baserritik bizitzea aukeratu duten Martina Urbistondo eta Jon Harreduy senar emazteen edo Aintzane Garmendiaren autuak.
Bazkal ostean, Gipuzkoako produktu goxoenak dastatu ondoren, Alvaro Neil “biziklown” ezagunak zabaldu du arratsaldeko ekitaldia. Nomada, pailazo, egile, dokumentalista eta, batez ere, inspiratzailea. Hamahiru urtetan, bizikletaz 117 lurralde zeharkatu ditu bere clown ikuskizunarekin. Motibazioan eta inspirazioan jarri du indarra gaurkoan, irribarrea alboratu gabe. Ondoren, Pedro Berriotxoa eta Lorea Muguruzak textu liburuetan agertzen den baserriaren inguruan egin duten ikerketa aurkeztu dute.
“Estereotipoz beterik dagoen baserri mundu bat aurkezten digute testu liburuek, gaur egungo errealitatearekin zerikusi gutxi dutena”, azaldu dute Muguruza eta Berriotxoak.
Amaitzeko, ekitaldiko protagonista batzuk lehen sektoreko hausnarketak partekatu dituzte mahai inguruan. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak eman diote jardunaldiari amaiera. “Gauza batean denok, administrazioak eta sektoreko eragileak, ados gaude: belaunaldi aldaketa eta sektorea gaztetzea da daukagun erronkarik nagusiena. Horrek segituan baliabide gehiago jarri beharra daukagula esatera garamatza. Baina aldi berean, dauzkagun baliabide mugatuak sektorea gaztetzeko ekimenetara nola fokalizatu pentsatzera ere eraman behar gintuzke. Ariketa zaila da, horrek beste leku batzuetara zuzendutako baliabideak gazte planera bideratzea eskatzen duelako eta azken batean beste esparru batzuk sakrifikatzea eskatzen duelako. Baina estrategiak aukeratzea exijitzen du”, amaitu du esanez Aizpuru diputatuak.